Luzuriaga

Gutun ageria Victorio Luzuriagari

Luzuriaga jauna
Mallorca

Badakigu harro egongo zarela noski, Victorio Luzuriaga aipatuta, izen-abizen hutsak ez beste zerbait adierazten dela esaten badugu. Victorio Luzuriaga horri idazten diogu honako hau. Mito bati.
Ez larritu, ez dizugu aurpegiratuko eskrupulurik gabeko industrialei ederki etorri zitzaien garai historiko bat dagoela zure ondasun handien oinarrian. Ez dizugu aipatuko diktadura, ez abereentzat ere egokiak ez diren lan-baldintzak, ez kutsadura. Zail samarrak egingo zaizkizu ulertzeko eta, agian, oker gaudela usteko zenuke.
Gutun hau, zu jakinaren gainean jartzeko da, besterik gabe.
Jakin ezazu, lehenik, Antxon ez dela deus geratzen Luzuriagaz.
Ez al zenekien?
Ez da broma, ez. Erreka jo zuen zure industriak. Zergatik? Zure herentzia hartu zutenek erabaki zutelako hobe zela metatua zeukaten dirutza beraiek xahutzea, lantegi zaharrean inbertitzea baino. Langile onak bai, baina berritu bat behar zuen. Bideragarritasun plana ikusi orduko, kutxa gotorra hartu eta hanka egin zuten. Zurenik hemen, ez dago arrastorik. Ondo entzun duzu, bai.
Zalantza egiten duzula? Zure eskuturreko erlojua ere, Ginebran erosi zenuen 18 kilateko bitxikeria hura, hain kuttuna zenuena, Christie´sen atera zuten enkantean 2009an. Zure familiak, Victorio, zure familiak…
Tira, tira, sentimentalkeriarik ez!
Esan dizugu zu jakinaren gainean jartzea dela gutun honen helburua.
Gaur, 2014ko martxoak 8 dituela, eguzkiz eta asmo ederrez beteriko larunbatarekin, zure bulegoen eraikin ederra, Antxoko mugatik metro baten aldera, zergak Donostian ordaintzearren eraiki zenuen pabiloi bakarra, geure gain hartu dugu.
Lotsa gutxi, zeurea. Ordua da zor duzuna ordaintzen hasteko.
Zertarako behar dugun?
Atsegin hartzeko, kultura sortzeko eta dastatzeko… Horrelakoak egiteko, pentsa.
Ekoizpena, diozu? Ekoizpena?
Artea sortu behar dugu, aizu. Aurrena, eraikina garbituz, premia dauka eta. Hurrena, egokituz. Ondoren, barrenak, gureak, eskatzen digun huraxe bideratuz, burua galdu gabe. Azkenik, antxotar guztientzat zabalik egongo den topaleku eta kulturbide bilakatuz.
Badakigu artea maite duzula, eta ulertuko gaituzula uste dugu.
Ez eskerrik asko, zure koadro horiek zeuretzat.
Begirunez,
LuzuriagaMartxan, Luzuriaga ondasun sozial gisa antolatzeko plataforma.

Luzuriaga

Gutun ageria Ricardo Olarani

Rikardo Olaran
Arrasate

Noizbait, gogoratu dira zurekin. Arkitektoen Kolegioak ere zure izena aipatu du gerraondoko arkitektura industrialaren maisuetan. Guk, arkitekturaz piperrik ez dakigun antxotarrok, bagenekien hori. Zuk Pasai Antxon Luzuriagarentzat eraiki zenuen bulegoen pabiloiari begiratu eta besterik ez genuen esaten: nolako gauza ederra!
Ederragoak badaudela?
Ez pentsa, hemen inguruan zeuden guztiak bota egin dituzte. Zure garaian izango zen espekulazioa izeneko hori, lur-ondasunen inguruko diru-jokoa, baina azken bolada honetan ezin sinetsikoa izan da. Dena eraitsi dute, dena. Eta mediokritatea dugu nagusi bota zituztenen ordezko. Egia esango dizugu, miraria da zurea zutik geratu izana.
Ederra da benetan, mendi erdi luze bat geroago ere, hemen utzi zenigun obra.
Baina ba al dakizu herritarrek zer esan duten azken hamar urteotan? Nolako gauza zatarra! Bota egin beharko litzateke. Bota, eta igerilekuak egin. Bota, eta garajeak egin. Horrelakoak entzun behar izan ditugu. Eta isilik entzun, zer erremedio.
Isilik entzun behar genituen, bai, zure eraikin ederrari egindako trufak eta destainak. Utzia, zikina, paretak botatzen hasiak, leihoak kenduak… Etxerik gabekoan aterpe… Heroina zoko… Lapurtuaren gordeleku… Eraikina bera ere marginalizatua egon da urteetan.
Lasai, denak ez dituzu albiste txarrak izango.
Gaur, 2014ko martxoak 15 dituela, lainoz eta helburu garbiz beteriko larunbatarekin, zuk diseinatu eta jaso zenuen bulegoen eraikinean sartu gara berriro aurreko astean txukuntzen hasi ginenok. Baliabide apurrez, egia da, baina maitasun handiz.
Egitura sendo dago, ez da berehalakoan eroriko. Meritu hori ere aitortu behar dizugu, oinarri oneko edertasuna sortu zenuela: neoklasikoa aurrealdean, eta modernista ertzetan, adituek diotenez. Guk, dotorea dela esanda adierazten dugu hori dena.
Barrukoa galdetzen diguzu?
Barrukoa estilo honetakoa izango da laster:
Azpia, zinema aretoa, antzokia, biltegia. Laborategia, izenari dagokion bezala, eztabaida eta pentsamendua garatzeko lekua. Ordenagailuen gela izan zena, kontzertu txikien aretoa. Delineatzaileen gela, argitasun ederra daukanez, liburutegia. Honen azpikoak, eskulangintza tailerrak…
Konforme zaudela? Poz handia hartzen dugu.
Laster plaka bat ipiniko dugu: “Eraikin hau Rikardo Olaranek diseinatu eta jaso zuen 1947an, eta antxotarrek, auzolan demokratikoan, txukundu eta birmoldatu egin zuten 2014an, lanaren kultura erakusteko eta kulturaren lana garatzeko”.

Luzuriaga

LuzuriagaMartxan logodun

2014-04-01, asteartea 20:00

Asteartero bezala asanblada irekian bildurik, hamazazpi lagun gaurkoan Azkoraren sarreran, LuzuriagaMartxan ekimenak bere sinadura ikusi batean ezagutzera emateko lanari ekin diogu. Lana, begipean geneuzkan zazpi logoaetatik bat aukeratzea. Iritzi ugari eman eta entzun ditugu, bildutako guztiok egin dugula hitz esan liteke… Azkenean, eta prozedura luze baten ondoren, nabarmenki nagusitu da Juanba Berasategi marrazkilari eta zinema zuzendariak oparitu digun hau.

Arrazoiak, bistan daude noski: Luzuriaga eraikinaren interpretazio estetikoa, ikusgarritasuna, baliagarritasuna.

Eskerrik asko handi bat beren proposamenak ekarri dizkiguten guztiei!

Luzuriaga

Kultura egiteko molde berri bat

2014-04-05, larunbata 12:00

Lasaitu gara noizbait. Hogeita hamar eta gehiago lagun bildu zaizkigu gure laborategiko lehen ekitaldira.

Ezin eraginkorragoa David Zapirain historialariak Luzuriagara ekarri digun gogoeta gaia, Mitxelko Uranga filosofoaren galdera durduzagarria lagun:

Zer gara, zonbiak ala mamuak?

Alegia, bizirik gauden hildakoak ala gorputz berri baten bila gabiltzan mamuak ote garen. Aldea dago, bai, batetik bestera. Entzuleok, behintzat, mamuak garela aitortu diogu: Luzuriaga izan liteke oraindik ez daukagun hezur-haragia. Arkitektura duina ez ezik, arkitektura bikaina. Leku bat ez ezik, ondarea.

Ondarea zertarako?

Antxok daukan ondare fisiko ia bakar hau, Luzuriaga, oinarri izan liteke lurralde dinamizazioaren estrategian. Eraikinaren beraren antza duke kultur ekonomia berritzaileak: arrazionala, egitaratua, osagarria. Gorputza, gu berri bat sortzeko. Nortasun elkartzale bat, txokokeriak utzirik lurralde ikuspegia hartuz.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

“nahiko nuke eskualdekoak ez diren gazteek egonaldiak egitea bertan
nahiko nuke gune hau Trintxerpen dagoen Cirizarekin osatzea
eta Tabakalerarekin, eta Oreretako Lekuonarekin
eta Artelekuren azken hondarrekin
nahiko nuke ekonomia berri batekin lotutako tokia izatea:
artea, kultura, sormena babestu eta eragingo lukeena
nahiko nuke indar zentrifugoa izatea
nahiko nuuke antxoko jendeak kudeatuko lukeen aterpea izatea Luzuriaga…”

Oso egokiera onean heldu zaigu, egia esan, David Zapirainen jardunaren ukitu probokatzailea, guk ere beste horrenbeste nahi dugulako… Molde zaharreko kulturak, bulegoetatik eta promotoreen bitartez eginiko kulturak erreka jo duelako sortu zen, besteak beste, LuzuriagaMartxan. Baina interes partikularrek hondatu egin dezakete iniziatiba eder hau.

Ez du hizlariak adibide asko aipatu behar izan. Ondo gogoan geneuzkan entzuleok, batere urrun joan behar izan gabe.

Gai izango ote gara txokokerian ez erortzeko?

Nola lortu erreferentzialtasun bat Pasaian eta eskualdean?

Luzuriaga

Demokraziak estatua behar

2014-04-26, larunbata 12:00

Berrogeita hamaika entzule batu gara Luzuriagako Laborategian Jule Goikoetxea irakaslearen hitzaldira (EHU, Zientzia Politikoak).  “Eskozia, Katalunia aberria maitatzetik estatua eraikitzera, eta gu?” dugu gaia.
Hizlariak berehala bildu du gure atentzioa bere bizitasunarekin eta bere adierazkortasunarekin. Hiltzaldia trinkoa eta eskemak apurtzeko ezin interesgarriagoa izan da, eta halakoxea gertatu da debatea ere.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

Hona hemen hartutako zenbait apunte, gogoetarako bide:

“Nazio ez-asimilatuak kexu daude, inoiz ez dutelako gobernatuko bizi diren estatua. Bestek gobernatzen du beren gehiengoa ere!”.

“Egon liteke estaturik gabeko naziorik, eta de fakto mordoa dago. Baina ez dago estaturik gabeko demokraziarik”.

“Herriak, herri subirauak, transferitzen dio estatuari bere subirautza gauzatzea. Estatuaren tresnik gabe, ezin da subirautza gauzatu”.

“Ongizatea, funtsean, politika herritarrek moldatzea da”.

“Eskubide historikoak aipatzea eta orain mende eta gehiagoko mapak eskegitzea ondo daude gure komunitate kulturala eta afektiboa gogoratzeko, baina borondateak, estatua izateko borondateak muga berriak markatuko ditu”.

“Ezin da estaturik lortu ezer galdu gabe”.

“Autogobernuaren borondateak sortzen du subjektu politikoa”.

Debatean, subjektu politiko eraginkor bat sortzeko moduak eta epeak izan ditugu hizpide. Hotzak ez du eragotzi eztabaidan jarraitzea otamena hartzen genuen artean…

Luzuriaga

Gutun ageria Jalila Uxueri

Jalila Uxue

Agadir

Ez zaitugu ikusi egunotan alemadan, eta Pazko oporrak probestuz aitaren aldeko aitona-amonak bisitatzera joana izango zarela pentsatu dugu. Horregatik idazten dizugu horra. Gure lanen berri eman nahi dizugu. Luzuriagakoak, neska! Ez al zara gogoratzen? Gu paretak txukuntzen eta pintura kapa zaharrak kentzen ari ginen, eta horra non ikusten zaitugun aurreko espaloian deika: utziko al nauzue sartzen? Ikusi egin nahi omen zenuen, ikusi: nolakoa zen hain sonatua bihurtu den eraikina, eta zertan ari ginen. Tarrapataka igo zenituen eskailerak. Ezker-eskuin begiratzen zenuen, detaile guztiak hartu nahirik.

Zu gure lanari begira, gu zure begien distirari.

Goiko solairura eraman zintugun, txukunago dago. Orduan, margo biziko forma ulertezin haiei begira, barkatu, guri ulertzinak zaizkigun forma haiei begira, “Hau etxeko lanak egiteko lekua izango da, eta ludoteka ere bai”. Ez dakizu nolako poza hartu genuen, ezin duzu irudikatu zer adierazten genion helduok elkarri, bata besteari begiratu genionean isilik baina irriñoa ezpainetan. Ilusio bat… Kemen bat… Ardura bat… Izugarrizko oparia izan ziren zure hitz haiek guretzat. Aita zure bila etortzekoa zenez, bertan geratuko zinela esan zenigun, haren zain. Espatula bat zegoen leiho-harrian. Hartu zenuen eta hantxe ekin zenion pintura kapa zaharra kentzeari, Aszerekin.

Ez haserretu gurekin, Jalila Uxue.

Pareta polit hura, margo bizikoa, bota egin behar dugu. Hitzaldiak eta kontzertu txikiak antolatzeko areto bat antolatu behar dugu. Planoetan ere, arkitektuak zabalik utzi zuen alderdi hura, argitasuna eman behar diolako pasilloaren zati horri. Ez da izango ez ludoteka eta ez etxekolanak egiteko lekua.

Ez zaitezela tristatu, Jalila Uxue.

Areto hori zabaltzari baino garrantzia handiagoa emango diogu zuk amestu zenuen espazio hori zuentzat gordetzeari. Polita izango da, ez dudarik egin. Gainera, eskulanak egiten irakatsiko dizue Idurrek. Buztinarekin eta horrela, eskuak zikinduta. Benetako artistak bihurtuko zarete, eta gure patxada mentala astinduko duten forma ulertezinak sortuko dituzue.

Hori lortzen ez badugu, egiten ari garen guztia sekulako porrota izango da guretzat.

Goraintziak Aszeren partetik, eta laster arte.

Luzuriaga

Plaka bat Olarani

Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa
Gaur8, 2014/03/29  [egilearen baimenarekin ekarria]

Diziplina ederra da toponimia. Geografiaren laguntzaile fina, lekuak hobeki ezagutzen laguntzen digu, eta informazioa ematen ingurune naturala, hizkuntza, erlijioa edota biztanleriaren bizimoduaren inguruan. Ingurune fisikoaren errelato bat osatzen du toponimiak, eta aukeratu, asmatu eta eraiki egiten da, Historia bezalaxe. Belaunaldiz belaunaldiko haria, utzikeriaren erreparazio-saiakera lotsagabea ere bilaka daiteke toponimia, luxuzko urbanizazioak hura egiteko eraitsi behar izan den baserriaren izena daramanean bezala.
Garaiak, baina, aldatzen doaz. Post-industrialismora egin dugu salto buruz behera, eta bestondoak beste biktima klase batzuk utzi dizkigu bidean.
Lepoan hartu eta segi aurrera, toponimiaren mesedetan: Contadores, Yoplait, Rutilita, Lasa, Nerecan, Pescafria eta beste hainbat izen memoria kolektiboan iltzaturik daude; erreferentzia geografiko gisa erabiltzen ditugu, horietariko asko aspaldi desagertuak badira ere.
Donostiako Herrera auzoko adibideak dira arestikoak. Bertatik ez oso urrun, hiriak izena galtzen duen Altzako lurretan –izana, alta, lehenago galtzen baitu–, Molinao den gauza difuso horretan, toponimia berriaren adibide paradigmatiko batekin egiten dugu topo: Luzuriaga.

 

Luzuriaga da Pasai Antxo, Patricio Echeverria Legazpi den edo Sefanitro Barakaldoko Lutxana den modu berean. Eta bertan, toponimia ez dadin bilakatu utzikeriaren erreparazio-saiakera lotsagabe, ekimen interesgarria abiatu dute: Luzuriaga Martxan.
Bulego-pabilioia da garai bateko Luzuriagatik zutik gelditzen den eraikin bakarra, bai eta inguruotako harribitxietatik bizirik irten den bakarrenetarikoa ere. Rikardo Olaranek 1943an diseinatua, estetika proto-arrazionalista du eta motibo klasikoekin dago apaindua. Eraikin ederra da, eta eraikin ederrekin maiz gertatzen den moduan –are maizago industrialak badira–, berandu egin zioten jaramon arkitektoek, eta are beranduago agintariek, inoiz egingo badiote. Auzotarrak eta Antxotarrok Historia Mintegia izan ziren eraikinari balioa ematen lehenak, eta ondoren etorri ziren UEUren Pasaiari buruzko mintegia, Metak Arkitektura Tailerraren aurreproiektua, eta orain, Luzuriaga Martxan ekimena. Gernikako Astra buruan, auzolanean ari dira eraikina txukuntzen, pixkanaka edukiz betetzeko asmoarekin; ondobidean, apirilean da hastekoa kultur programazioa.
Anekdota bihurtzen den toponimiaren ordez, esanahiz ari dira betetzen Luzuriaga. Erreferentzia geografikoa bezainbeste izan dadin erreferentzia kultural eta soziala, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko haria sendotuko duena.
Diziplina ederra dela toponimia. Geografiaren laguntzaile fina, lekuak hobeki ezagutzen laguntzen diguna. Eta Luzuriaga abizenak, toponimo bihurtua jada, Gipuzkoako bazter baten esentzia dakarkigu ezinbestean, auzotarrek –badaezpada, despistatuentzat– plaka batean zizelkatuko dutena:
«Eraikin hau Rikardo Olaranek diseinatu eta jaso zuen, 1947an, eta antxotarrek, auzolan demokratikoan, txukundu eta birmoldatu egin zuten, 2014an, lanaren kultura erakusteko eta kulturaren lana garatzeko».

Luzuriaga

Toponimo berri bat Antxon

Toponimiatik hainbat datu atera genezakeela ikasi dugu Ander Gortazarren artikuluan. Halako lekuan bizi izan direnei buruzkoak ere bai. Urrunago joan gabe, Altza eta Pasaia arteko zokondoa Molinao dugu, izen gaskoia: errotaberri. Inguru honetakoak gaskoiak gara beraz neurri batean, gure Iparraldeko haurrideek historikoki mesprezatu izan duten kasta horretakoak…
Toponimoak, leku-izenak, mapetan ageri zaizkigu maizenik: izena ez da ezer lekurik gabe (interesgarria, ezta?). Eta horra non Ander Gortazar arkitektoaren begi zorrotzak guk sekula ikusi ez genuen toponimo berri bat aurkitu duen antzinako mapa ezagun honetan…

Hortxe, Molinaoko itsasertzean,
Hortxe, Molinaoko itsasertzean, “Luzuriaga”.

Plano edo mapa txiki honek ez du egile ezagunik, baina ezaguna zaigu, besteak beste, hain gureak ditugun “Yparraguirre”, “Miranda”, Escalantegui” eta batez ere “Ancho” ageri dituelako gaur Buenavista denaren parean “Berra” azpian (ikus mapa osorik Plaka bat Olarani artikuluan). Egilerik ez baina urtea bai, badakar: 1761.

Zer gertatu da Luzuriaga toponimoa inork ez ikusteko bi mende eta erdi luze honetan? Orainak eragin ote lezake iraganean?

Gaiztakeria eder honekin, Ander Gortazar arkitektoak historian txertatu gaitu, inguru batekoak garela oroitarazten digunez: David Zapirain historialariak eskatzen zigun huraxe gauzatu du berak, artistek daukaten askatasun amorragarri horrekin plan berri bat proiektatuz, etorkizuna ekarriz. Ez, mapa ez da gaurgero 1761ekoa, 2014koa da, eta Antxoko geografia fisikoa apaingarri hutsa bihurtu da geografia sozialean erreferentzia izan behar lukeen izen berriaren aldean.

LuzuriagaMartxan ekimenak aldarri bat egin zuen, eta munduak “Aurrera!” esan digu… Poza eta kezka.

Luzuriaga

Luzuriaga, vanguardia de la lucha obrera

2014-05-17, sábado 12:00

A las 12:05 estábamos cuatro gatos. Txabolsotoa en la alameda, juegos infantiles. ¿Quién ha dicho que Antxo no tiene vida? No hay fin de semana en que no coincidan dos y tres actos populares. Exagerando un poco, pero es la sensación. A las 12:15  Pablo Dí­ez empezaba su intervención ante treinta y ocho oyentes de todas las edades, desde setentones hasta veinteañeros. Entre los asistentes pudimos reconocer a importantes dirigentes obreros, como Luis Alzola y Juan Ramón Arnoso, que intervinieron en el amplio coloquio que se produjo tras la charla. No en vano el tema a tratar era la lucha obrera en Luzuriaga.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

En la primera parte, Pablo Dí­ez ha descrito las condiciones de trabajo en los años sesenta, resaltando la importancia de la formación, la clandestinidad y la propaganda como parte esencial de la lucha. Gracias a todo ello, y durante veinte largos años, Luzuriaga fue la referencia sindical de toda la zona, desde Hernani hasta Oiartzun. En su opinión, el punto álgido de la lucha obrera como vanguardia polí­tica fue la movilización en torno al Juicio de Burgos, en 1970.
En la segunda parte, más breve, se ha centrado en la lucha obrera tras la legalización de los sindicatos a partir de la amnistí­a laboral de 1977. Aquella gran estructura representativa que se habí­a formado en Luzuriaga al margen de la ley, reconocida por la dirección y plasmada y regulada en el famoso Libro Azul, quedaba “superada”. De que las bases eligiesen sus delegados por secciones se pasó a las listas cerradas. La libertad sindical trajo libertad, evidentemente, pero también distanciamiento entre los sindicatos, división de la clase obrera y decadencia de la lucha. “¿Cuántas huelgas generales se han hecho desde entonces?”.
Directo y discreto, sin personalismos, Pablo Dí­ez ha conectado con el público desde las primeras frases. Unas pocas y bien intercaladas anécdotas han ilustrado perfectamente la situación de las distintas épocas, haciendo que pasásemos de la carcajada a la indignación. Ha sido fuertemente aplaudido.
Un intenso coloquio ha seguido a la charla. Entresacamos algunas intervenciones:
“Tengo treinta y ocho años, me gusta asistir a charlas y conferencias, pero nunca he podido escuchar nada parecido a lo que hemos oí­do hoy. Ha sido emocionante y muy interesante”.
“Ahora hay sedes de sindicatos que parecen bancos”.
“El eje fundamental del sindicalismo ha pasado a ser la negociación, con lo que se ha creado una clase asentada en la burocracia”.
“Falta una autocrí­tica seria, profunda, de lo que hemos hecho y de lo que hemos dejado de hacer. La reforma trajo una serie de pactos, reformas tras reformas, hasta once reformas tras los Pactos de la Moncloa. A cada reforma, el movimiento obrero no ha hecho más que retroceder, y los sindicatos siempre justificándose”.
“Nosotros hicimos huelgas de hasta dos meses”.
“Sí­, pero no olvidemos un dato importante: en los años sesenta y setenta tení­amos pleno empleo. No existí­a el miedo al despido. Aunque estuvieses fichado, aunque supiesen quién eras, siempre encontrabas trabajo”.
“Yo creo que la caí­da del Muro de Berlí­n trajo el neofascismo este que está en todas partes. El estado del bienestar fue algo provocado por el socialismo. Ahora ya no hay nada que se oponga al capitalismo salvaje”.
“La lucha de aquellos años fue muy sufrida y muy bonita a la vez, porque conseguimos mucho… ¡Parece mentira a dónde hemos llegado!”.
En el lunch, un comentario general entre los más jóvenes: “Tenemos que organizar más charlas de este tipo, tenemos que conocer lo que fue Luzuriaga”. Curiosamente, Pablo Dí­ez, miembro fundador de la primera comisión obrera de Luzuriaga, comenzó la charla con un saludo al trabajo de LuzuriagaMartxan, considerando la recuperación del edificio como una prolongación de la lucha de sus trabajadores…

Luzuriaga

Arkeologia industriala

Bigarren larunbata genuen, bigarren auzolana, 2014ko martxoak 8 egun zituela. Laborategirako eskaileretan gora gindoazen eta Manu Ledesmak “Ate hau…” komentatu zuen. Burdinazko ate bat, burdinazko markoari soldeatua, deskansiloan. Herdoiltzen hasia hala ere. Geroago, “Ate hori…”. Hurrengo larunbatean, martxoak 14, “Ate hau bota egin behar da, ikusi egin behar dugu zer dagoen hor. Ateak ez dira soldeatzen, horrek zer edo zer esan nahi du!”. Hamaiketako pausaldian, borra bat hartu eta atea botatzeari ekin zion.

Gaur, maiatzak 21, aspaldi Antxon bizi ez den Jose Luis Otaegik LuzuriagaMartxan ekimenean dabilen ezagun bat topatu du. Atzoko eta gaurko kontuak ibili dituzte ahotan biek eta Luzuriaga azaldu da, modako izena. “Ikusita ugazabak zer ari ziren egiten kronometroekin eta balioko pieza guztiekin, X eta biok erabaki genuen laborategiko ontzi guztiak jaso eta ezkutatu egin behar genituela nonbait”, komentatu du Otaegik. Eskaileretako deskansiloko almazen txikian gorde zituzten. “Eta inor ez sartzeko, soldeatu egin genuen atea”. Noizbait, agian, pieza haiek denak deskubrituko zituelakoan… arkeologoren batek. Memoria trasmititu nahi zuten, lanaren froga batzuk utzi nahi zituzten gerorako, han pertsonak aritu zirela lanean, laborategi batean.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

Manu izan zen arkeologoa. Deika hasi zen urduri. Denok jaitsi ginen altxor hura ikustera, zurezko apalategi ustelduetan distiratsu: beirazko ehun pieza baino gehiago, hodi meheak, hodi boladunak, hodi kisketadunak, probeta gisakoak, pitxar bereziak, portzelanazko zilindroak… Denak kontu handiz jaso eta Luzuriagamartxeneko laguntzaide batzuen leku segurura eraman genituen. Han, bana-banan garbitzen hasiak gara, tarteka.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

Guk uste genuen eraikina birgaitzen ari ginela. Orain ikasi dugu zientzia sozial batean ere abiatuak garela: piezak garbitutakoan, laborategian lan egin zuten herritarrekin bildu eta sailkatu egingo ditugu, bakoitzaren izena eta funtzioa fitxatuz, objektuetatik homo faber luzuriagatarrera egin ahal izateko.

Jose Luis Otaegi hunkitu egin zen gure deskubrimenduaren berri izan zuenean.

Suntsipenaren aurkako bataila bat irabazi du laborategiko langile xumeak.

Eta, bidenabar, Luzuriaga leku erabilgarria ez ezik aztarnategia ere badela erakutsi digu.