Luzuriaga

Toponimo berri bat Antxon

Toponimiatik hainbat datu atera genezakeela ikasi dugu Ander Gortazarren artikuluan. Halako lekuan bizi izan direnei buruzkoak ere bai. Urrunago joan gabe, Altza eta Pasaia arteko zokondoa Molinao dugu, izen gaskoia: errotaberri. Inguru honetakoak gaskoiak gara beraz neurri batean, gure Iparraldeko haurrideek historikoki mesprezatu izan duten kasta horretakoak…
Toponimoak, leku-izenak, mapetan ageri zaizkigu maizenik: izena ez da ezer lekurik gabe (interesgarria, ezta?). Eta horra non Ander Gortazar arkitektoaren begi zorrotzak guk sekula ikusi ez genuen toponimo berri bat aurkitu duen antzinako mapa ezagun honetan…

Hortxe, Molinaoko itsasertzean, “Luzuriaga”.
Hortxe, Molinaoko itsasertzean, “Luzuriaga”.

Plano edo mapa txiki honek ez du egile ezagunik, baina ezaguna zaigu, besteak beste, hain gureak ditugun “Yparraguirre”, “Miranda”, Escalantegui” eta batez ere “Ancho” ageri dituelako gaur Buenavista denaren parean “Berra” azpian (ikus mapa osorik Plaka bat Olarani artikuluan). Egilerik ez baina urtea bai, badakar: 1761.

Zer gertatu da Luzuriaga toponimoa inork ez ikusteko bi mende eta erdi luze honetan? Orainak eragin ote lezake iraganean?

Gaiztakeria eder honekin, Ander Gortazar arkitektoak historian txertatu gaitu, inguru batekoak garela oroitarazten digunez: David Zapirain historialariak eskatzen zigun huraxe gauzatu du berak, artistek daukaten askatasun amorragarri horrekin plan berri bat proiektatuz, etorkizuna ekarriz. Ez, mapa ez da gaurgero 1761ekoa, 2014koa da, eta Antxoko geografia fisikoa apaingarri hutsa bihurtu da geografia sozialean erreferentzia izan behar lukeen izen berriaren aldean.

LuzuriagaMartxan ekimenak aldarri bat egin zuen, eta munduak “Aurrera!” esan digu… Poza eta kezka.