Luzuriaga

Gure sakelako entziklopedia

AEG
Aterpe Egonkorrik Gabekoa, harat-honat ibiltzen den aldizkako biztanleria, eraikin abandonatuetan lo egin eta hala moduzko lanak egitetik bizi dena, ez beti legez kanpo. Esaterako, Luzuriagako azken magrebtarren taldeko zenbait lagun.

arkitektura
Molde eta bolumen desberdineko piezak erabilita irudiak sortzeko haur jolasa, logika garatuz. Esaterako, nola uztartu baliabideen eskasa eta sukarraren handia, nola eskuratu ezinezkoa dirudiena, non gorde aitortzea komeni ez zaigun hori, nola lotu lehentasuna eta egokiera.

asanblada
Aldez aurretik ezarritako gai zerrenda baten arabera antolatzen den bilera, gai berriak sortzeko eta hurrengo asanblada deitzeko, benetako azken fina: elkar ikusi, hitz egin, eztabaidatu, norberaren eta multzoaren etengabeko terapian aitzinatzeko. Esaterako, edozein asteartez, 19:00etan, Luzuriagako Laborategian.

auzolana
Herritarrek beren esku, lepo eta bizkar hartutako lana, autoantolatua, subentziorik gabekoa eta beti ere umore handiz egina, borondateak ordeztuko baitu aurrekontua. Esaterako, 2014ko maiatzak 24 egun zituela… Luzuriaga Eguna, bai, larunbat eder hura.

balioa
Eman dezagun eraikin batek balioa duela, balio artistikoa edo arkitektonikoa edo historikoa edo kulturala. Balio hori, ordea, hutsaren hurrengoa da eraikinaren jabearentzat, balioan baino prezioan nahi duelako neurtu: balio kontzeptua irentsi egiten du prezio kontzeptuak. Abusu honen kontra ezarri zen desjabetzea, balio soziala nagusituz prezioaren gain. Esaterako, ezin konta ahala adibide.

domotika
Wikipediaren arabera, kasu eman, etxebizitza adimendun bihurtzen duen tresneria da domotika. Adibidez, Gaztetxeak emandako generadorea, 89 dezibelioko zarata ateratzen duena, indarra eman behar dugun lekutik metroka eta metroka manga urrundua, mikrofono ziztrin baten erruz. Baldintzak eta baldintzak daude, eta tresneriarik sofistikatuenak ere ez lezake adimena bermatu. Izen grekoa izanagatik, definizio batzuk txapuza hutsa dira.

erreakzio kimikoa
Zenbat bihotzaldi, zenbat erredura, zenbat zalaparta albisteren bat heldutakoan —ona, txarra edo nolabaitekoa— edozein erakundetatik. Ez dugu adibiderik emango mugakide diren paradisuen arteko harreman diplomatikoak ez gaiztotzearren.

gaztetasuna
Burtsan kotizazio zekena hartzen duen lurraldea, eta hala ere aberatsa mineraletan: kezka, eskuzabaltasuna, egin nahi… eta egiten jakitea.

gero
Gure Axularrek XVII. mendean idatzi zuen liburu klasikoa, zeinean aztertzen baitira beti gerotik gerora, beti luzamendutan ibiltzeak dakartzan ondorio gaiztoak… Derrigorreko irakurketa daukagu LuzuriagaMartxanekook.

greba orokorra
Langileen borrokarako tresna, aski ezaguna Luzuriagan, zenbaitetan burgesiak erabilia ekonomia itotzearren eta hogei urte luzez Mailegu Ofizialeko Institutuak (ICO), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak lotsa handirik gabe praktikatua, Luzuriagako Bulegoen eraikinean jabe gisa zeuzkaten arduretan huts eginik.

hamaiketakoa
Pausaldi laburra, indar hartzeko ez ezik egindakoa komentatzeko, ideia eta lehentasun berriak sortuz. Esaterako, aspaldian zarratua zegoen ate hura jo eta botatzea: altxor bat zegoen barruan.

hiri basoa
Eraikinaren teilatuan jaiotzen dena, batez ere gainean daukan mendi ezponda garbi eduki behar lukeenak garbitzen ez badu. Ugaltze hori izugarri anizten da teilatuak eta ezpondak jabe bakarra dutenean. Esaterako, bakandu on bat eman zaion arren, Molinao bidean oraindik zutik dagoen pabiloi hori, eskuineko espaloian, Donostia udalerriz. Newyorktarrek uste dute hiri basoa beraiek asmatu dutela, baina donostiarrek aurrea hartu zieten aspaldi.

ilusioa
Zentzumenek eragindako iruzurra. Esaterako, ukimenak diosku pala etorkizuneko arma dela, ikusmenak diosku eraikina ederra dela, entzumenak diosku arraspak ateratzen duen soinua musika dela, besoek dioskute nekeak poza dakarrela, zakarrek dioskute nibela eta plaunkaia erabiliz kontzertu areto bat atondu genezakeela.

inozoa
Dena dakitenek ez bezala pentsatzen duena. Esaterako, antxotarrentzat Luzuriaga garrantzitsua izan litekeela uste duena. Are inozoagoa horrela izan dadin saiatzen bada.

Joantxoren gurdia
Joantxo Martinezek guztiok erabiltzeko oparitu zuen eskorga gotorra, garraiorako tresna bikaina hitzaldiak dauzkagunean Axular kafetegiak utzitako aulkiak Luzuriagaraino eramateko.

kimika
Ezagutzen ez genituen pertsonenganako sortzen den txera, estimua, begikotasuna. Esaterako, larunbat goizez edo asteazken arratsaldez gerta litezkeen kidetasun horiek guztiak.

laborategia
Kalitatea testatu eta teknika berriak saiatzen eta ikertzen diren lekua. Esaterako, axuleiuak nola garbitu gai kimikorik erabili gabe, milaka metro koadroren kraka eskuz nola kendu, haizea nola tronpatu, iritziak nola bateratu… Eta materiala nondik eskuratu gizarte materialista batean.

tabernak
Topo eta topa egiteko galtokiak, herriaren ezinbesteko atsegintegiak, LuzuriagaMartxan bezalako ekimenen konfiskazioak pairatzen dituztenak: Axular, Kamio, Leunda, Mimos, Miranda…

trafikoa
Ekai adiktiboekin mafiak burutzen dituen eraman-ekarriak osasunaren kaltez irabazi gaitzak egitearren. Ekai hauek lortu beharrez bizi diren biktimak izaten dira sarritan saltzaileak berak. Esaterako, Ertzantzak ondotxo dakiena non, nola, noiz eta nor.

zapina
Giza garunean biziki garatutako teknika, pentsatzeko astirik izan ez dezagun. Esaterako, noiz inauguratu behar duzue igerilekua? kontzertuetarako nahiago Donostia! ez ote hobe parking bat egitea? zertarako ari zarete, esker txarra besterik ez duzue jasoko!

Luzuriaga

Porrotaren alderdi garailea

Probetan hain zintzo portatu den generadoreak huts egin du… erregaia ahitu zaiolako. Sinesteak lan du, bai. Ordu erdi egon behar izan dute zain Alberto Iñurrategik eta bera entzutera etorri diren laurogeita hamaika lagunek. Kiroltasunez hartu dute gure akats barkaezina. Hain zuzen, porrotari buruzko ironiak entzun behar izan ditugu. Giro ederra, egia esan, bi espaziotan banatzen zuen pareta bota eta txukundu ondoren irabazi dugun areto ederrean. Entzuleak, bostetik hiru lehen aldiz azalduak hemen. Tarteka gurasoak beren neskatu-mutikoekin. Gauza ederrak egin litezkeela uste dugu denok, halako euforia moduko bat sortu da une batean. Esanak gara eraikinaz haratagoko zer edo zer gauzatu litekeela LuzuriagaMartxan ekimenaz.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

Eman dezagun Luzuriaga jaunen mamuak azaltzen zaizkigula eta bota egiten gaituztela beren saloitik.
Eman dezagun laugarren sute batek hondatu egiten duela pabiloi osoa.
Eman dezagun herritarrek bizkarra ematen diotela gure asmoari.
Eman dezagun eraikina ez dela gure garapen sozial eta kulturalerako erabiliko.
Eman dezagun hemen ezer egin ez bagenu bezalako egoera batera iristen garela.
Eman dezagun porrot egiten dugula.

Zer egin behar genuke?
Eta egin ere, egin ote genezake ezer, halako panoramaren aurrean?

Kezka inportante horri irtenbideren bat emateko ekarri dugu Alberto Iñurrategi. Helburu praktikoak, denontzat baliagarriak izango diren burubide batzuk ikastea komeni zaigulako. Porrotaren alde jartzeko porrota baztertzearren.

Alberto Iñurrategi K2ra joan zen 1994an, Himalaiara egin zuen aurreneko bidaian. Itzuli zenean, lan egiten zuen enpresan hiru urteko eszedentzia eskatzea erabaki zuen. Hiru urte haietan elurra, izotza, sokajea eta mendiko jendea hobeto ezagutu zuen. Eta ezedentzia amaitutakoan, kontua eskatu eta agur egin zion fundizioari. Fundizioari, bai. Luzuriaga bera baino zatiaz handiagoa zen Fagorri. Urte hartan, 1997an jaio zen Alberto Iñurrategi hau, bere bizitzaren jabe izatea erabaki zuelako erosotasuna bazterrean utzita.
Geroztik hainbat gailur zapaldu ditu, eta batez ere hainbat bide zapaldu ditu. Bidean, aurrera egiten dutenetakoa da. Helburua bidea egitea du, ez gailurra kosta ahala kosta jotzea.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

“Nire mugetatik hurbil dauden erronkak hartzen ditut beti, neure burua behartu behar du helburuak, nolabait. Horrek narama prestaketari duen garrantzia ematera, horrek jabetzen nau talde lanari ere dagokion garrantziaz… Soilik horrela bizi daiteke gero ilusioaren eta nekearen arteko nahaste eder hori, horrela hobetu daiteke konfiantza eta autoestimua…”

“Erronkak ondo markatzen direnean, esperientziak izugarri aberasgarriak izaten dira. Horregatik, gailurra lehenesteak baino gehiago merezi du garrantzia helburuari emateak…”

” Gailurra aukeretako bat besterik ez da; garrantzitsuena eta ezinbestekoa bidea da”

Txalo zaparrada benetan bero batek eskertu du Iñurrategiren emanaldia.

Eman dezagun guk ere bide egiten dugula, eta Luzuriaga antxotarren garapen sozial eta kulturalerako tresna bihurtzea lortzen dugula: Alberto Iñurrategirekin gogoratuko gara, eta dudarik gabe gaur bere hitzek sortu diguten emozioa eta eman diguten indarra eskertu behar geniokeela.

Ez zaigu ahaztuko, Alberto.

Luzuriaga

Luzuriagan zer: Arkeologia Industrialaren Zentroa

ANTXOTARROK HISTORIA MINTEGIAK
LUZURIAGAMARTXAN EKIMENAREKIN
ERREDAKTATUTAKO TXOSTENA

Pasai Antxo
2014-2015 maiatza

 Txosten hau urteetako bilketa eta bilaketaren emaitza da. Hainbat lekukotasun jaso ditugu, zuzen eta zehar, gure ondare eta jakinduria industrialari buruz: lantegietan ibiliak dira Antxoko biztanle adindu gehienak.
Oroigarriak, karnetak, nominak, kartilak, publizitate orriak, foiletoak, lan-jantziak, argazkiak, planoak, tresnak… denetarik ekarri ziguten eskura, ilusioz, Luzuriaga eraikinaren aldeko ekimena hasi orduko. Duela zortzi urte ernatu zen borondate hura proiektu eraginkor batera bideratzen du idatzi honek.

Luzuriaga eraikinaren historiari eta etorkizunari dagokiolako
Ondare industriala oraindik tamalgarri jasotzeke daukagulako
Horrelako ekimena pilotatzeko Luzuriaga kokagune ezin egokiagoan dagoelako
Oarsoaldeko barruti baztertuenak horrelako indargune eraginkorra behar duelako

HONA HEMEN IDEIA XUME BAT

INSTITUZIOEK LUZURIAGAN HARTU BEHAR OMEN LUKETEN ZATIRAKO

OBEJEKTUETATIK GIZAKIRA

1

DAKIGUNA IKASTEN

—Eta ranpa hau?
—Kamioak sartzeko, atalburua jo gabe.
—Almazena zen orduan hau?
—Begira gora, ez dituzu errailak ikusten?
—Grua-puente bat!
Bertan lan egindakoa dugu gida-lana egiten diguna.
—Laborategian garbitasuna zen nagusi, horregatik dago dena axuleiuz forratua, baita mahaiak ere.
—Zer da tramankulu gotor hori? Lurrean finkatua dago gainera.
—Erresistentziak neurtzekoa. Atzo hitz egin nuen Oiarbiderekin, garbitzera etorriko da.
—Funtzionatzen duela jarriko al duzue?
—Mekanika bai.

Luzuriaga eraikina bisitatuz, hainbat gauzak, hainbat tresna zatik ematen digute lan motaren berri. Teknika ikasi genezake. Lanen nekeza edo arina ere bai. Bizimoduaren maila ateratzen ahal dugu: alboan dagoen ate hau jangelako sarrera da, eta alboan dago herri barrutik etorrita berehala sartu ahal izateko, langileen semeek bertan bazkaltzeko aukera zutenez.
Alabek ez, alabek ez zeukaten eskubiderik bertan bazkaltzeko: familiaren eta gizartearen antolamendua ateratzen ahal dugu.
Indusketa tekniko-soziala bilakatu da bisita.

2

OIASSON I eta II MENDEAK,
OARSOALDEAN XIX eta XX MENDEAK

Lurrak bere geruzetakoren batean gordetzen duen informazioaren bila ikusten ditugu arkeologoak. Polita da, ikusgarria da, maiz erakusten ditu telebistak. Alabaina, badago beste arkeologia bat, ikusgarritasun gutxi daukana, espektakularra ez dena, baina lehen mailako garrantzia daukana gure iragan hurbila ulertzeko, alegia, gure oraina interpretatzeko, eta bereziki Oarsoaldean: ARKEOLOGIA INDUSTRIALA.
Portuak garraioa suposatzen du, ontziak. Ontziak eraiki egin behar dira. Konpondu ere bai. Itsasertzean, jakina. Industria, nolabait, ezinbestekoa zaio portu bati. Ontziekin lotutako lantegi handi eta txikiak ez ezik, Oarsoaldeak industria multzo ugaria eta garrantzitsua eduki zuen XIX eta XX mendeetan. Ia osorik metalgintzari lotutako ingurua izan dugu Oarsoaldea.

3

ANTROPOLOGIA INDUSTRIALA

Gure ondare industriala oso ezezaguna da oro har, eta esan liteke gizarteak desinteres handia azaldu duela aberastasun honetaz. Ez dago inbentariorik, ez sailkapenik… Eta benetako monumentuak zirenak suntsitu izan ditugu kontzientzia arazo handirik gabe. Oarsoaldean bertan hainbat pabiloi eder eta historiko, adituek katalogatuak zeuzkatenak, birrindu dira oraindik orain. Kasu askotan, gainera, lantegien izenak berak ere ezabatu egin dira herriko toponimiatik eremu industrialak urbanizatu ahala…

Industrial heritage kontzeptua 1940ko hamarraldian sortu zen Ingalaterran. Frantzian ia berrogei urte geroago hasi zen. Euskal Herrian are berriagoa da gai hau, eta diziplina denik ere ezin esan genezake: industriaren eraikin-ondarearekiko sentsibilitatea hasi da garatzen azken urteotan zenbait sektoretan, baina ez da aski.

Arkeologia, funtsean, metodologia mota bat da. Munduari so egiteko lan eredua. Gauzak aurkitzeko, jasotzeko, gordetzeko, sailkatzeko, interpretatzeko, erakusteko, irakasteko eta berreskuratzeko modu bat.

Arkeologia industriala, berriz, zientzia sozial bat da, alor desberdinetako adituak biltzen dituena eta —garrantzi berezia dauka honek— afizionatu, laguntzaile eta berri-emaile askoren lana behar duena ezinbestez: gure bizimodu modernoa definitzeko tresna da.
Arkeologia Industrialaren Zentroak, ondorioz, XIX eta XX. mendeko herri jakintzaren ezaupideak emango dizkigu.

4

ERAIKINEZ HARATAGO

Lantegien eraikinak ikusi batean bereizten ditugu, nabarmenak dira. Tximiniekin batera, industriaren erakusgarri dira. Pabiloi asko suntsitu dira, kritikak azaldu dira han-hemen. Aipatu dugu kontzientzia bat sortu dela eraikin industrialaren inguruan. Arkitekto gazteek lan handia egin dute azken urteotan eraikin bereziak nolanahi bota ez daitezen. Badirudi, tamalez, eraikina dela industriak utzi digun ondare bakarra.

Zer dakigu horko edo hemengo eraikinean garatu zen lanari buruz?
Zer egiten zen bertan? Nola egiten zen?
Nolako tresneria erabiltzen zen?
Nolako teknikaz baliatzen ziren langileak?
Nolako irabaziak zeuzkaten?
Nolako lan baldintzetan ziharduten?
Zergatik desagertu zen enpresa?
Zer suposatu zuen lantegi hark inguruaren ekonomian?

Eraikinek barne bat zeukaten. Barne horretan tresnak zeuzkaten. Tresna horiek teknika bat suposatzen zuten, gizakiaren lana. Gizaki horiek baldintza batzuetan egiten zuten lana… Eibarko Armeria eskola, bere museoarekin, bada zerbait. Azpeitiko Trenaren Museoa ere bai, arazo politikoak gorabehera. Lenbur indartsu abiatu zen. Zerainek aurrera egiten segitzen du.

Oarsoaldeak sekulako aberastasuna dauka azaleratzeko industria alorrean. Egin dezagun kontu Xenpelarrek fabrikan egiten zuela lan, mende eta erdi luze da. Denboraren ardatzean bezala alorren ardatzean: sokak, upelak, esmalteak, oihalak, galletak, burdinak, ontziak, kontadoreak, kontserbak, itsas-tresnak, likoreak, osagailu elektrikoak, txapelak, kolak, pinturak, tuboak, botikak… denetarik eduki dugu. Agerian, ozta geratzen zaigun arrastoren bat edo beste.
Baina lekukotasun asko daude jasotzeke.
Euskal Herrian badauzkagu Ontzi-Museoak, baina zer dakigu arrantzaz, arrantza motaz, bizimoduaz, Terranovaz eta bakailaoaz? Oraindik ere potentzialitate handia duen ingurua da Oarsoaldea: pentsa dezagun portuan bakarrik egin litekeen lana! Inork badaki zenbat lanbide desberdin izan dituen portuak?

Gure eskualdeak eta bereziki Pasaiak eman lezakeenaz garbiki azaldua daukate Aurkene Alzuak, Basagaitz Gereñok eta Markel Mendizabalek beren iritzi teknikoa: “Interpretazioari dagokionez, herri bikaina da Pasaia, horren ondare aberastasuna dela eta, tokiko garapena bultzatzeko Industria Ondarea Interpretatzeko Plana egiteko […]. Garai hau ezin hobea da halako prozesu bat hasteko”. [Ondare industriala Pasaian:defentsa eta zabalpena. Sorginarri 2. Aranzadi-Pasaiako Udala, 2007]

5

BI EKINBIDE

Hasiera batean, antropologia industrialaren garrantzia eman behar litzateke ezagutzera: dei efektua eragin, gizartea inplikatzen hasteko. Ondoren, batzorde gisako bat antolatu behar litzateke, zientzia honetan interesatuak daudekeen guztiak informazio sare batean biltzeko. Hala behar izanez gero, batzorde honek bozeramaile papera joka lezake, eta erakundeekiko harremanak bideratu: federazio bat osatuko luke, funtsean.

Probintziaz gaindiko lan honekin batera, Luzuriagatik bertatik abiatu behar lituzke lehen pausoak Zentro honek, marka honetako fundizioen eta ontziolen arkeologia eginez (Errenteriako eta Usurbilgo galdategiak, San Pedroko eta Donibaneko ontziolak…). Era sistematikoan egin ez bada ere, lan hau abiatua dugu dagoeneko, errekuperazioan eta lekukotzan bereziki. Eta apurka, tokian tokiko jakile, aktore eta zaletuekin kontaktuak eginez, Oarsoaldea osoko lantegi nagusien katalogazioa egin behar genuke, eta lehentasunak ezarri.

Arkeologia liburu sailaren zazpigarren alean adierazten zaigun bezala, “Ez da aurrera egiten [eraikinak altxatu zituen] gizartearen gaineko ezagueran”, eta “Oraingo erronka, berriz, azterlan eta analisi berrietan sakontzea da”. [Arkeologia 0.7. Arkeologia industriala Gipuzkoan. Egungo egoera. Beatriz Herreras / Josune Zaldua. Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011].
Antropologi Industrialaren Zentroa formazio lekua ere izan behar luke beraz, bertikalean eta horizontalean jalgitako historia materialaren etapak behar besteko bermearekin analizatu ahal izateko.

6

INGURUAREN IKUSPEGI BERRI BAT

Garbi dago beraz interakzio edo elkartruke handi bat suposatzen duela arkeologia industrialak, bai datuak eta objektuak lortzeko, bai informazioa jasotzeko. Ezusteko sare bat sortzen du, mapa arkeologiko tradizionala izugarri aberasten duena.

Baserria kontu rurala bezala dago kontsideratua, baina Antxon bertan 1950eko hamarraldian antolatutako makinaria elektro-mekanikoa dauka Iparragirre baserriak, sotoko sabaitik eutsitako ardatz gurpildun eta uhal sistema batekin arbia eta artoa txikitzeko makinak martxan jartzeko… Antzinako tailer bat da!

Albaolak zurezko ontziak lantzen ditu, ontzi tradizionalak. Antxok ere badu horrelakorik, upelgintza garrantzitsua zen barrutiaren ekonomian. Upelak porturako ziren, Errioxako ardoa esportatzeko. Upela-itsasontzia harremana egin dugu zuraren bitartez: Albaola lotua dago Antxorekin, eskulangintza bietan. Batak tradizioa errekuperatzen du, besteak lanbide baten gainbehera erakusten du, egokitzapen bat, ardo upeletatik danborradetarako barriketara.

Horrela, hainbat hari eta sare eta ibilbide sortuko dira Oarsoaldea guztian, Gipuzkoako beste eskualdeekiko harremanak sortu eta indartu besterik egingo ez dutenak.

7

TURISMO KULTURALA

Esandakotik ia berez ateratzen da bestelako turismo bat erakar lezakeela arkeologia industrialak, kultura turismoa esan izan ziona. Bianchik osagarri elektrikoak egiten zituen, Niessenek ere bai. Nonbait kokatu beharko dugu bien piezekin egindako katalogo ikusgarria… Benedictine eta Marie Brizard likoreak fabrikatzen ziren Antxon. Publizitate handia egiten zuten, euskarri desberdinetan. Nonbait kokatu beharko dugu Oarsoaldeko publizitate industrialaren erakustegia (Olibetek ere publizitate ugari egiten zuen).

Nola ez, emakumea eta lan industriala landu beharko den gaia da: erakusketa bikainak egin litezke bilduak dauzkagun argazkiekin, batera eta bestera itineratuz… Turismo kulturala eta Oarsoaldearen promozio turistiko-kulturala.

Ez da turismoa, noski, arkeologia zentro baten helburua, baina ez dago gaizki aipatzea albo-mesede gisa.

8

ARKEOLOGIA INDUSTRIALAREN ZENTROA ABIATZEKO

Antxotarrok Historia Mintegia, bere xumean, aktore garrantzitsua izan liteke Zentroa elikatzeko hasiera batean. Arkeologia, industriala barne, landa-lana da, eta AHMk oso ondo ezagutzen du bere esparrua, urteak daramatza ingurua jorratzen eta kolaboratzaile ugari dauzka. Pasaiako Fototeka antolatze ari da. Nahi adina ez baina, laneko eta lantegi barruko argazki bikainak dauzka, herritarrak emanak. Antxo barruti txikia da, eta oso kohesionatua: lan ederra egin liteke hainbat alorretan.
Antxo metalgintza eta upelgintzaren gunea izan zen sorreratik bertatik. Gipuzkoako azken upelgilea bizirik da oraindik.     Semeak jarraitzen du tradizioa, danborradetarako barrikak eginez.
Bizirik dauzkagu Usoz txapel fabrikan lan egindako zenbait emakume.
Bianchin ibilitakoak ere bai, asko samar gainera, osagailu elektrikoak egiten…
Zer ez ote dago Herrera, Trintxerpe, Errenteria inguruetan aztergai, lan industrialari buruz?
Inork ba ote daki Antxok sei burdinbide izan dituela?
Arkeologoak, historialariak, geografoak, ekonomialariak, arkitektoak, arte adituak, soziologoak, katalogatzaileak, medikuak, argazkilariak, entrebistatzaileak, marrazkilariak, langileak, bideogileak… Aditu asko eta alor asko biltzen ditu arkeologia industrialak diziplina arteko zientzia dugunez, objektuetatik gizakirakoa.
Eta denetarik daukagu Oarsoaldean.

Bibliografia

Herreras, Beatriz. Altza, historia y patrimonio. Altzako Historia Mintegia / Casares Kultur Etxea, 2001

Alzua Aurkene / Gereño, Basagaitz / Mendizabal, Markel. Ondare industriala Pasaian:defentsa eta zabalpena. Sorginarri 2. Aranzadi-Pasaiako Udala, 2007

Herreras, Beatriz / Zaldua, Josune. Arkeologia 0.7. Arkeologia industriala Gipuzkoan. Egungo egoera. Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011

Irixoa, Iago / Zapirain, David. Pasaia: hiri-garapena. Sorginarri, 7. Pasaiako Udala, 2011

Izagirre, Koldo. Voz y vida obrera LUZURIAGA hogeita bost lekukotasun. Sorginarri, 6. Pasaiako Udala, 2013

Luzuriaga

Joseba Tapiaren izarrak

2015-06-05

“Mila esker handi bat gure areto basatia kulturaz lantzera etortzeagatik” esan dio Eneko Lillyk artistari kontzertuaren aurkezpena egiten hasteko.
Basatia izaten jarraitzen baitu gure laborategiak.
Egindakoa hondatzeak, eremu zatien galtzeak, berreskuratzeak, itxaropenez hartu genituen albiste onak hutsean urtzeak… Horrelakoak izaten omen dira prozesuak: gora-beherak, makalaldiak, ilusioak… Nekea. Norabidea non eta zergatik okertu den. Autokritika apur bat.
Zenbat eurite, zenbat sargori azken ekitaldia egin genuela!
Eta aro berriari hasiera emateko, Joseba Tapia. Hura eta bera!
Joseba Tapia 1998an sortu zela abisatu digu Enekok hurrena. Eta berriro errepikatu du, oker ulerturik egon ez dadin: bakarkako lehen diskoa atera zuen urtean. Orduan bezala presentatu zaigu Joseba Tapia, sotil, apaindurarik gabe eta nortasun handiko, Tximela kapitainaren izarrak kantatzera.
Sotil, baina guztiz profesional.

Gure areto basatia kultur aretoa bihurtu da Joseba Tapiaren borondatez eta Jonan Ordirikaren lanaz: mikroa, ozengailuak, argiak… Hura ikusita, “Noizbait hau horrela egongo da beti!” gure artean batak besteari. Txoko ideala begi bistan. Ez genuen horrelakorik espero. Opari ederra izan da, merezi ez bezalakoa.
Eta kantatu, nola ordea?
Ahotsa garden eta tonua mende, ez du gauza berria. Harreman gozoa gitarrarekin. Disfrutatzen ari izan dela ezagun zuen gainera. Kantaera landua eta aberastua, ñabardura musikal askorekin, eztarriko eta gitarrako harietan. Txeloarena ahoa itxirik gitarraren soloetan. Hurbil-urrun efektuak mikrora, garratzaldiak eta leunaldiak markatuz.
Zirrara sortu dute Tximela kapitainaren letrek eta Joseba Tapiaren kantaerak.
Joserra Gartziak haren lehen diskoaz idatzia: “Melodiak, moldaerak, kantaerak, den-denak soildu ditu Joseba Tapiak, enfasia behar den lekuan jarriz: esan nahi denaren zerbitzura”. Eta handik hona irabazi duena.
Artista bere heldutasunean.
Talde eta kantari batzuk hobeak izaten dira diskoan zuzenean baino. Ez da hori Joseba Tapiaren kasua. Ibilbide luzea egin du oholtzaren gainean, eta plaza-gizona da. Baina kasu! Trikitixa festarako da, dantzarako, erromeriarako: ifi, afa, ufa eta irrintzi. Manera horrek ez du balio mezuak gitarra klasikoz bideratzeko. Hori ere lortu du Joseba Tapiak, ongi kontrolatua dauka jestualitatea, eta horrek, gezurra dirudien arren, indartu egin dio adierazteko ahala. Iraganik izan ez balu bezala, beti kantautore ibili izan balitz bezala. Baina zurrunkeriarik gabe, ahotsa ez ezik aurpegia ere emanez. Erakustaldia egin du.
Gogoz eta gogor txalotu dugu abesti guztietan.
Amaitu duelarik, kantu-forum labur bat egin dugu.
Denok buruan geneukan galdera egin dio Juan Olaldek: “Zertarako behar izan duzu atril hori hor?”.
Izan ere, atril bat eduki du Joseba Tapiak ondoan, batere paperik gabe.
Baduela bere zergatia, eta laster ikusiko dugula.
Beste galdera bati erantzuten ziola, “Nolako arraina Tapia hori! Atrila eduki du hor erakusteko ez daukala atrilaren beharrik!” aurreko aulkikoak bere lagunari.
Foruma amaiturik, Gabriel Aresti hil zela hogeita hamar urte betetzen direla gaur gogorarazi digu. Haren omenez eduki omen du atrila han. Atera du paper pare bat gitarraren zorrotik, paratu ditu atrilean eta bi kantu inedito eskaini dizkigu: Zorrotzako portuan aldarrika eta Nire aitaren etxea, zein baino zein ederragoak, sentimenduz eta fintasunez konposatuak eta halaxe abestuak.
Izugarria izan da.

* * *

Kableak bildu, ezer ahazten ote zuten bazterrak berriz miatu, aretoa gakotu, aulkiak biltegira jaitsi eta garagardo bana hartzera etorri zaizkigu Joseba Tapia eta  Jonan Ordorika trasteak furgonetan jaso ondoren. Hau eta beste, gure esker ona, haien irriño ironikoak. Aretoaren ozentasunaz egin diogu galde Ordorikari, guk ez baitugu oihartzunik sumatu. Horren beldur ginen, sabai faltsua hautsia zegoen hainbat puntutan eta osoro suntsitu genuen, zementu armatuko habetzarrak agerian utziz. Soinuak arrapunpa egin ote zuen haietan. Ezetz esan digu. Agian saxofoiren batek egingo lukeela apur bat mikrora hurbilduta, baina ahotsak eta gitarrak behintzat ez.

Gure areto basatia areto egokia dela esan digu Jonan Ordorikak, Mamia estudioko jaundajabeak, Joseba Tapiaren lanak grabatu eta editatu ez ezik Lou Reeden hamaika kantu euskaraz abiatu, itzuli, moldatu, grabatu eta ekoiztu dituen musikalariak: Lou Reed mila esker diskoan aurkituko dituzu Ruper Ordorika, Delirium Tremenseko Andoni, Txuma Murugarren, El Inquilino Comunistako Santi & Alvaro, Petti, Maddi Oihenart, Gorka Urbizu, Evaristo, Gari, Anari, Paco Loco… Fernando Saunders, Jane Scarpantoni eta Mike Rathke dituztela lagun, alegia, Lou Reeden taldekideen jatorrizko bertsioen gainean kantari. Subentziorik gabe. Publizitate handirik gabe. Harribitxia gure kulturan. Biba zuek eta (ez) beste batzuk!

Luzuriaga

Ametsak ere zain errezitaldia

2015-06-12

Josu Landak oholtza gainean bi pauso emanik aurrera egin eta —oholtza baitaukagu orain, Roman Egañak Papin poligonotik ekarritako plastikozko paleekin antolatutako modularra— ahotsa sendo, gora, dardararik gabe, entzuleon begietara begira “Hau al da egin behar dudana? Poemak idatzi?” bota duelarik, errezitatzailearen irudian testuen egilea, Mikel Antza bera etorri zaigula guri galdezka atzeman dugu: buruzagi baten azken komunikatua (oraingoz) entzulearen patxadaren aurka.

Deklarazioaren eta lekukotasunaren arteko testuok ernetasun batean eduki gaituzte, beheko autoen zaratak eta leiho lehertuen barrenako haizeak ezin izan dute eragotzi saio osoan lepotik helduta eduki gaituen hunkidura. Hiru ordu laurden trinko, neke gabe iraganak. Neke gabe? Konturatu gabe!
Txalo zaparrada luze batekin despeditu ditugu, eta bisik ez zeukatela esan behar izan digute bi aldiz, horixe zela dena. Dena, alegia, galdera deserosoak eta estalgarririk gabeko baieztapenak, kalitatezko lekukotasun bat gatazkaz ados egon edo ez. Eta, agian, ados ez egote horri bide ematen diona, iritzietatik haratago, Mikel Antzaren nitasuna izan liteke, poetak zuzenkeria politikoari egiten dion trufa kontzientea. Probokazio puntu horrek. Eta eskertzekoa da.
Mikel Antzak aurten publikatu duen Ametsak ere zain liburuko poemekin errezitaldi bat antolatu baitute Gotzon Barandiaranek (gitarra eta ahotsa), Itziar Castrillok (saxofoia) eta Josu Landak (ahotsa), Luzuriagako laborategira gomitatu genituen.

Gotzon Barandiaran
Ahotsaren zerbitzura, hondo gozo bat ezarri dio errezitaldiari gitarra klasikoarekin, noiz apal, noiz indartsu. Baina izan ditu bere soloak ere, irakurketaren azpimarra antzera. Marrantatu samarra etorri bada ere, lan efizaka egin du errepikapenak garden eta goraki kantatuz, errezitatuari abestiaren hegala emanez. Eta Josu Landarekin txandakatu denean ahotsean, seguru eta jestualitate landu eta kontrolatuaz aritu da. Bera baitzen fokotik hurbilena, pazientzia santuan pairatu du Alkartasuna dantza taldeak utzitako argiaren bortitza.

Julen Lazkano / Luzuriaga Martxan
Julen Lazkano / Luzuriaga Martxan


Itziar Castrillo
Urraduratik malenkoniara, ongi hautatutako pasarteetan baino ageri ez zela, metalak daukan eztitasuna eta garratza dastatu ahal izan dugu bere saxofoiarekin. Gitarrarekin ederto koordinatua, haren konplizitatea bilatuz, protagonismo berezia hartu du. Itziar Castrillok musika ikasketa klasikoak egin zituen baina jazzera egin du: Sutik ska rock taldea, Pans&Company, Aljazzeera funk-rock taldea, Free Ends jazz laukotea, The Traveling’s Brothers Big Band… Jonan Ordorikak esan zigun saxofoiak, agian, oihartzuna sor zezakeela gure aretoko habeetan, baina ez zen horrelakorik gertatu. Zeinen eder bete gaituzten Itziarren ñabardurek!

Julen Lazkano / Luzuriaga Martxan
Julen Lazkano / Luzuriaga Martxan

Josu Landa
Tinko, ahotsa goiti proiektatuz, atzartasuna ekarri du lehen unetik. Aurreneko zatia, Intro atalekoa, luzea izanik, ondoren zetorrenaren erakutsia izan da: paperari erreparatu gabe, besoak ia mugitzeke, aurpegian zentratu du keinua zenbait ahapalditan begiak itxirik eta isilaldi batzuetan ezpain ertza makurtuz. Indarra eta segurtasuna transmititu du une oroz, eta buruz ikasiak ekarri ditu poema guztiak. Ezin hobeki administratu ditu pausaldiak eta intonazioak. Haserre edo samur, ahotsak presentzia fisiko bat eduki du, egurra, burdina, kristal zikina, plastiko zartatua. Bakarrik jardun izan balu, performantzia bat egin duela esango genuke. Hirukotean jardun duenez, ikuskizun bat eskaini dutela esan genezake. Ikuskizun entzungarria, entzun beharreko ikuskizuna.

Julen Lazkano / Luzuriaga Martxan
Julen Lazkano / Luzuriaga Martxan

Errezitatuetan, maiz, lagungarrizko musika bat atxikitzen zaio ahotsari. Eta gertatzen ohi da musikak trabatu egiten duela ahotsa eta ahotsak trabatu egiten duela musika. Bestelako formula bat ekarri digute Gotzonek, Itziarrek eta Josuk. Musikak bere autonomia izan du eta, harrigarria gerta litekeen arren, areagotu egin du ahotsaren garrantzia.

Donibanetik, Donostiatik, Errenteriatik, Urruñatik eta Usurbildik ere etorri zaizkigu emanaldira. Hamar ale saldu ditugu Ametsak ere zain poema liburutik, eta beti bezala, borondatea osorik artistentzat dela jakinik, ikusleek utzi dute aski orbel pagatxo bana eman ahal izateko hiru artistei.
Bikaina izan da errezitaldia benetan, eta irteeran elkarri nolako poza eta hunkidura hartu dugun esan beharrez batu gara guztiok aldameneko Miranda tabernan, artistei esker ona emateko eskua tinkaturik.
“Lotsatua nago”, esan du Eneko Lillyk. “Lehengo astekoa, gaurkoa… Guk ezin ditugu ekarri horrelako artistak zoko honetara, beste zerbait merezi dute”.
Artistek irri egin dute. Zelako jendea!