Luzuriaga

Gutun ageria Ricardo Olarani

Rikardo Olaran
Arrasate

Noizbait, gogoratu dira zurekin. Arkitektoen Kolegioak ere zure izena aipatu du gerraondoko arkitektura industrialaren maisuetan. Guk, arkitekturaz piperrik ez dakigun antxotarrok, bagenekien hori. Zuk Pasai Antxon Luzuriagarentzat eraiki zenuen bulegoen pabiloiari begiratu eta besterik ez genuen esaten: nolako gauza ederra!
Ederragoak badaudela?
Ez pentsa, hemen inguruan zeuden guztiak bota egin dituzte. Zure garaian izango zen espekulazioa izeneko hori, lur-ondasunen inguruko diru-jokoa, baina azken bolada honetan ezin sinetsikoa izan da. Dena eraitsi dute, dena. Eta mediokritatea dugu nagusi bota zituztenen ordezko. Egia esango dizugu, miraria da zurea zutik geratu izana.
Ederra da benetan, mendi erdi luze bat geroago ere, hemen utzi zenigun obra.
Baina ba al dakizu herritarrek zer esan duten azken hamar urteotan? Nolako gauza zatarra! Bota egin beharko litzateke. Bota, eta igerilekuak egin. Bota, eta garajeak egin. Horrelakoak entzun behar izan ditugu. Eta isilik entzun, zer erremedio.
Isilik entzun behar genituen, bai, zure eraikin ederrari egindako trufak eta destainak. Utzia, zikina, paretak botatzen hasiak, leihoak kenduak… Etxerik gabekoan aterpe… Heroina zoko… Lapurtuaren gordeleku… Eraikina bera ere marginalizatua egon da urteetan.
Lasai, denak ez dituzu albiste txarrak izango.
Gaur, 2014ko martxoak 15 dituela, lainoz eta helburu garbiz beteriko larunbatarekin, zuk diseinatu eta jaso zenuen bulegoen eraikinean sartu gara berriro aurreko astean txukuntzen hasi ginenok. Baliabide apurrez, egia da, baina maitasun handiz.
Egitura sendo dago, ez da berehalakoan eroriko. Meritu hori ere aitortu behar dizugu, oinarri oneko edertasuna sortu zenuela: neoklasikoa aurrealdean, eta modernista ertzetan, adituek diotenez. Guk, dotorea dela esanda adierazten dugu hori dena.
Barrukoa galdetzen diguzu?
Barrukoa estilo honetakoa izango da laster:
Azpia, zinema aretoa, antzokia, biltegia. Laborategia, izenari dagokion bezala, eztabaida eta pentsamendua garatzeko lekua. Ordenagailuen gela izan zena, kontzertu txikien aretoa. Delineatzaileen gela, argitasun ederra daukanez, liburutegia. Honen azpikoak, eskulangintza tailerrak…
Konforme zaudela? Poz handia hartzen dugu.
Laster plaka bat ipiniko dugu: “Eraikin hau Rikardo Olaranek diseinatu eta jaso zuen 1947an, eta antxotarrek, auzolan demokratikoan, txukundu eta birmoldatu egin zuten 2014an, lanaren kultura erakusteko eta kulturaren lana garatzeko”.