Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa
Gaur8, 2014/03/29 [egilearen baimenarekin ekarria]
Diziplina ederra da toponimia. Geografiaren laguntzaile fina, lekuak hobeki ezagutzen laguntzen digu, eta informazioa ematen ingurune naturala, hizkuntza, erlijioa edota biztanleriaren bizimoduaren inguruan. Ingurune fisikoaren errelato bat osatzen du toponimiak, eta aukeratu, asmatu eta eraiki egiten da, Historia bezalaxe. Belaunaldiz belaunaldiko haria, utzikeriaren erreparazio-saiakera lotsagabea ere bilaka daiteke toponimia, luxuzko urbanizazioak hura egiteko eraitsi behar izan den baserriaren izena daramanean bezala.
Garaiak, baina, aldatzen doaz. Post-industrialismora egin dugu salto buruz behera, eta bestondoak beste biktima klase batzuk utzi dizkigu bidean.
Lepoan hartu eta segi aurrera, toponimiaren mesedetan: Contadores, Yoplait, Rutilita, Lasa, Nerecan, Pescafria eta beste hainbat izen memoria kolektiboan iltzaturik daude; erreferentzia geografiko gisa erabiltzen ditugu, horietariko asko aspaldi desagertuak badira ere.
Donostiako Herrera auzoko adibideak dira arestikoak. Bertatik ez oso urrun, hiriak izena galtzen duen Altzako lurretan –izana, alta, lehenago galtzen baitu–, Molinao den gauza difuso horretan, toponimia berriaren adibide paradigmatiko batekin egiten dugu topo: Luzuriaga.
Luzuriaga da Pasai Antxo, Patricio Echeverria Legazpi den edo Sefanitro Barakaldoko Lutxana den modu berean. Eta bertan, toponimia ez dadin bilakatu utzikeriaren erreparazio-saiakera lotsagabe, ekimen interesgarria abiatu dute: Luzuriaga Martxan.
Bulego-pabilioia da garai bateko Luzuriagatik zutik gelditzen den eraikin bakarra, bai eta inguruotako harribitxietatik bizirik irten den bakarrenetarikoa ere. Rikardo Olaranek 1943an diseinatua, estetika proto-arrazionalista du eta motibo klasikoekin dago apaindua. Eraikin ederra da, eta eraikin ederrekin maiz gertatzen den moduan –are maizago industrialak badira–, berandu egin zioten jaramon arkitektoek, eta are beranduago agintariek, inoiz egingo badiote. Auzotarrak eta Antxotarrok Historia Mintegia izan ziren eraikinari balioa ematen lehenak, eta ondoren etorri ziren UEUren Pasaiari buruzko mintegia, Metak Arkitektura Tailerraren aurreproiektua, eta orain, Luzuriaga Martxan ekimena. Gernikako Astra buruan, auzolanean ari dira eraikina txukuntzen, pixkanaka edukiz betetzeko asmoarekin; ondobidean, apirilean da hastekoa kultur programazioa.
Anekdota bihurtzen den toponimiaren ordez, esanahiz ari dira betetzen Luzuriaga. Erreferentzia geografikoa bezainbeste izan dadin erreferentzia kultural eta soziala, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko haria sendotuko duena.
Diziplina ederra dela toponimia. Geografiaren laguntzaile fina, lekuak hobeki ezagutzen laguntzen diguna. Eta Luzuriaga abizenak, toponimo bihurtua jada, Gipuzkoako bazter baten esentzia dakarkigu ezinbestean, auzotarrek –badaezpada, despistatuentzat– plaka batean zizelkatuko dutena:
«Eraikin hau Rikardo Olaranek diseinatu eta jaso zuen, 1947an, eta antxotarrek, auzolan demokratikoan, txukundu eta birmoldatu egin zuten, 2014an, lanaren kultura erakusteko eta kulturaren lana garatzeko».