Luzuriaga

Kultura egiteko molde berri bat

2014-04-05, larunbata 12:00

Lasaitu gara noizbait. Hogeita hamar eta gehiago lagun bildu zaizkigu gure laborategiko lehen ekitaldira.

Ezin eraginkorragoa David Zapirain historialariak Luzuriagara ekarri digun gogoeta gaia, Mitxelko Uranga filosofoaren galdera durduzagarria lagun:

Zer gara, zonbiak ala mamuak?

Alegia, bizirik gauden hildakoak ala gorputz berri baten bila gabiltzan mamuak ote garen. Aldea dago, bai, batetik bestera. Entzuleok, behintzat, mamuak garela aitortu diogu: Luzuriaga izan liteke oraindik ez daukagun hezur-haragia. Arkitektura duina ez ezik, arkitektura bikaina. Leku bat ez ezik, ondarea.

Ondarea zertarako?

Antxok daukan ondare fisiko ia bakar hau, Luzuriaga, oinarri izan liteke lurralde dinamizazioaren estrategian. Eraikinaren beraren antza duke kultur ekonomia berritzaileak: arrazionala, egitaratua, osagarria. Gorputza, gu berri bat sortzeko. Nortasun elkartzale bat, txokokeriak utzirik lurralde ikuspegia hartuz.

Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan
Julen Lazkano / LuzuriagaMartxan

“nahiko nuke eskualdekoak ez diren gazteek egonaldiak egitea bertan
nahiko nuke gune hau Trintxerpen dagoen Cirizarekin osatzea
eta Tabakalerarekin, eta Oreretako Lekuonarekin
eta Artelekuren azken hondarrekin
nahiko nuke ekonomia berri batekin lotutako tokia izatea:
artea, kultura, sormena babestu eta eragingo lukeena
nahiko nuke indar zentrifugoa izatea
nahiko nuuke antxoko jendeak kudeatuko lukeen aterpea izatea Luzuriaga…”

Oso egokiera onean heldu zaigu, egia esan, David Zapirainen jardunaren ukitu probokatzailea, guk ere beste horrenbeste nahi dugulako… Molde zaharreko kulturak, bulegoetatik eta promotoreen bitartez eginiko kulturak erreka jo duelako sortu zen, besteak beste, LuzuriagaMartxan. Baina interes partikularrek hondatu egin dezakete iniziatiba eder hau.

Ez du hizlariak adibide asko aipatu behar izan. Ondo gogoan geneuzkan entzuleok, batere urrun joan behar izan gabe.

Gai izango ote gara txokokerian ez erortzeko?

Nola lortu erreferentzialtasun bat Pasaian eta eskualdean?