Kronologia

1888

— Lasarteko Fossey lantegiak Fundiciones Molinao izeneko industria sortu zuen. Galdarak, turbinak eta era guztietako lanabesak. Fermin Lasala, Duque de Mandas zen akzionista nagusietako bat.

maiatzak 16

— Leherketa eta sute handia Molinaoko petroliotegian. Balentin izeneko langile bat hil zen, eta erredura larriak hartu zituen Sebastian Elizaldek.

uztailak 27

— Antxoraino luzatu zuen Donostiako tranbia konpainiak zerbitzua, Ategorrietatik. Abere indarrak zerabilen.

Kronologia

1890

— Janarietarako lurrinak eta gai enologikoak dakartza Antxora Laffort y Cía konpainiak.

martxoak 18

— Manuela Antia Antxoko dendariaren hiltzailea epaitu zuten Donostian.

apirilak 2

— Tranbia Antxotik Molinaoraino luzatu zen.

apirilak 25

— Ekaitz gogorra Bizkaiko Golkoan: San Juango bost arrantzale galdu ziren.

maiatzak 1

— Maiatzaren Lehena ospatu zuten aurreneko aldiz mundu osoko langileek. Osteguna zen, eta Espainiako gobernuak baimendu egin zuen lan uztea. Aldarrikapen nagusia zortzi orduko lan-eguna lortzea izan zen.

ekainak 21

— Administrazio Auzietarako Tribunalaren epaia, erabakiz Donostiak beretzat nahi zuen Antxo sortzeko itsasoari kendutako lur eremua Pasaiarena dela: Antxokoak pasaitarrak dira.

uztailak 13

— Tranbiak adar berri bat osatu zuen, Molinaotik Errenteriara.

irailak 20

— Berrehun bat antxotar bildu ziren udal autonomiaz hitz egiteko: joera nagusia Antxo independente izatearen aldekoa da. Batzorde bat izendatu zen helburu horretan saiatzeko: Mariano Sanchez, Antonio Etxebarria, Antonio Maleprade, N. Lapazaran, Federico Sanchez, Ramon Arzelus eta Juan Valverde.

Kronologia

1891

— Emilio Arnaiz-ek botika zabaldu zuen.
— Txinel edo aguazil taldea sortu zen.

— Diputazioak administratzaile bat izendatu zuen Antxorako, Jacinto Zala.
— Asko urritu ziren Bretainia Handitik egindako ikatz inportazioak: lan eskasia portuan.

Kronologia

1892

— Lehen eskola publikoa, Hamarretxetan. Bonbin jauna zen maisua.

Kronologia

1893

— Donostiako Union Artesana-rekin batera Gipuzkoan zaharrena den La Armonía batasuna sortu zen, langileen eta herritarren elkar laguntzarako.

azaroak 22

— Bere aurreneko petrolio zama ekarri zuen San Ignacio de Loyola bergantin goletak. Ignacio Merkaderek eginarazi zuen Eskozian, eta petrolioa garraiatu zuen lehen oihalontzia izan zen estatu espainiarrean.

Kronologia

1896

ekainak 21

— Elizaren lehen harria ezarri zen, arrandiro: Fermin Lasala duke jauna etorri zen, gobernadore zibila ere bai, musika banda ekarri zuten… Lanak aski aurreratuak zeudela lur jo zuen eraikinak, “oinarri txarra” zeukalako. Eliza egiteko lurra doan utzi zuen Fermin Lasalaren esker onez aukeratu zuten eliztarrek San Fermin patroitzat.

Kronologia

1897

otsailak 1

— San Ignacio de Loyola bergantinaren galdara bat lehertu egin zen, ontzia okertuz eta Antxoko kaiaren aurrean, geltokiaren parean, hondoratuz. Eztandak izua sortu zuen.

apirilak 18

— Azalera ekarri zuten ostera San Ignacio de Loyola ontzia Bilboko Alejandro Sagarraren enpresako marinel trebeek.

abuztuak 22

— Indar elektrikoz hasi zen Ategorrieta-Antxo tranbiaren adarra. Aurrenekoa izan zen.

irailak 10

— Sute handia sortu zen Dougier-en biltegian.

abenduak 11

— Arratsaldeko lau t’erdietan, ilun zegoela, Periko Aizpurua, 12 urtekoa, ikatzez betea zetorren 1000 zenbakia zuen merkantzia trenera igo zen, bagoien goialderaino, Buenavistako maldan makina motelago zihoala baliatuz, eta handik ahal izan zuen ikatz kozkor gehiena bota zuen trenbide bazterrera…

Kronologia

1898

urtarrilak 26

— Pedro Mari Otaño bertsolaria, askok poetatzat ere zeukatena, Buenos Aires-erako ontziratu zen Antxoko kaian. Jendetza izugarria bildu zen despeditzeko.

otsailak 7

— Eskola berria mustu zen, ehun ikasle hartzeko adina handia eta irakasleentzako etxebizitza zeukana bigarren solairuan. Orubea trenbideko geltokiaren aurrez aurre zegoen, eta Fermin Lasalak eman zuen, oinarriak ere ordaindurik. Errenteriako txistulari bandak alaitu zuen, baina Santos Uranga txistulari antxotar handiaren laguntzarekin.

maiatzak 13

— Elizak funtzio bereziak antolatu zituen Jainkoaren laguntza lortzearren Kubako independentziazaleen aurka.

uztailak 10

— Erromeria handia San Ferminez. Donostiar asko azaldu ziren Antxora, trenez. San Juango bandak eta Antxoko txistulariek jo zuten. Kronikek diotenez, “bertaratutako jendea “ugari eta aukerakoa” pozik hartu zituen doinu bikain haiek, nekatu gabe eta amorez dantzatuz”.

Kronologia

1901

— Zergak kobratzeko alondiga ezarri zen Antxon: Silverio Kinter izan zen lehen kobratzailea.
— Juan Astigarrabia jaio zen, Pasaiako langile mugimenduaren liderra, Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusia, Herri Lan Zaingoko (1936-1946) kontseilaria Jose Antonio Agirreren gobernuan eta Euskadiko Ezkerrako militante eta parlamentari autonomikoa atzerritik itzuli ondoren, 1980an. Altuna-Enea etxean bizi izan zen, Eskalantegi kalean, Goiherri taberna ondoan.
— Antzerki taldea ere eduki zuen La Union Artesana musika elkartea sortu zen.
— Beste musika talde bat eratu zen, Asociacion de Banda de Musica y Orfeon de Ancho, 35 musikarirekin.