Probetan hain zintzo portatu den generadoreak huts egin du… erregaia ahitu zaiolako. Sinesteak lan du, bai. Ordu erdi egon behar izan dute zain Alberto Iñurrategik eta bera entzutera etorri diren laurogeita hamaika lagunek. Kiroltasunez hartu dute gure akats barkaezina. Hain zuzen, porrotari buruzko ironiak entzun behar izan ditugu. Giro ederra, egia esan, bi espaziotan banatzen zuen pareta bota eta txukundu ondoren irabazi dugun areto ederrean. Entzuleak, bostetik hiru lehen aldiz azalduak hemen. Tarteka gurasoak beren neskatu-mutikoekin. Gauza ederrak egin litezkeela uste dugu denok, halako euforia moduko bat sortu da une batean. Esanak gara eraikinaz haratagoko zer edo zer gauzatu litekeela LuzuriagaMartxan ekimenaz.
Eman dezagun Luzuriaga jaunen mamuak azaltzen zaizkigula eta bota egiten gaituztela beren saloitik.
Eman dezagun laugarren sute batek hondatu egiten duela pabiloi osoa.
Eman dezagun herritarrek bizkarra ematen diotela gure asmoari.
Eman dezagun eraikina ez dela gure garapen sozial eta kulturalerako erabiliko.
Eman dezagun hemen ezer egin ez bagenu bezalako egoera batera iristen garela.
Eman dezagun porrot egiten dugula.
Zer egin behar genuke?
Eta egin ere, egin ote genezake ezer, halako panoramaren aurrean?
Kezka inportante horri irtenbideren bat emateko ekarri dugu Alberto Iñurrategi. Helburu praktikoak, denontzat baliagarriak izango diren burubide batzuk ikastea komeni zaigulako. Porrotaren alde jartzeko porrota baztertzearren.
Alberto Iñurrategi K2ra joan zen 1994an, Himalaiara egin zuen aurreneko bidaian. Itzuli zenean, lan egiten zuen enpresan hiru urteko eszedentzia eskatzea erabaki zuen. Hiru urte haietan elurra, izotza, sokajea eta mendiko jendea hobeto ezagutu zuen. Eta ezedentzia amaitutakoan, kontua eskatu eta agur egin zion fundizioari. Fundizioari, bai. Luzuriaga bera baino zatiaz handiagoa zen Fagorri. Urte hartan, 1997an jaio zen Alberto Iñurrategi hau, bere bizitzaren jabe izatea erabaki zuelako erosotasuna bazterrean utzita.
Geroztik hainbat gailur zapaldu ditu, eta batez ere hainbat bide zapaldu ditu. Bidean, aurrera egiten dutenetakoa da. Helburua bidea egitea du, ez gailurra kosta ahala kosta jotzea.
«Nire mugetatik hurbil dauden erronkak hartzen ditut beti, neure burua behartu behar du helburuak, nolabait. Horrek narama prestaketari duen garrantzia ematera, horrek jabetzen nau talde lanari ere dagokion garrantziaz… Soilik horrela bizi daiteke gero ilusioaren eta nekearen arteko nahaste eder hori, horrela hobetu daiteke konfiantza eta autoestimua…»
«Erronkak ondo markatzen direnean, esperientziak izugarri aberasgarriak izaten dira. Horregatik, gailurra lehenesteak baino gehiago merezi du garrantzia helburuari emateak…»
» Gailurra aukeretako bat besterik ez da; garrantzitsuena eta ezinbestekoa bidea da»
Txalo zaparrada benetan bero batek eskertu du Iñurrategiren emanaldia.
Eman dezagun guk ere bide egiten dugula, eta Luzuriaga antxotarren garapen sozial eta kulturalerako tresna bihurtzea lortzen dugula: Alberto Iñurrategirekin gogoratuko gara, eta dudarik gabe gaur bere hitzek sortu diguten emozioa eta eman diguten indarra eskertu behar geniokeela.
Ez zaigu ahaztuko, Alberto.