Luzuriaga jauna
Mallorca
Badakigu harro egongo zarela noski, Victorio Luzuriaga aipatuta, izen-abizen hutsak ez beste zerbait adierazten dela esaten badugu. Victorio Luzuriaga horri idazten diogu honako hau. Mito bati.
Ez larritu, ez dizugu aurpegiratuko eskrupulurik gabeko industrialei ederki etorri zitzaien garai historiko bat dagoela zure ondasun handien oinarrian. Ez dizugu aipatuko diktadura, ez abereentzat ere egokiak ez diren lan-baldintzak, ez kutsadura. Zail samarrak egingo zaizkizu ulertzeko eta, agian, oker gaudela usteko zenuke.
Gutun hau, zu jakinaren gainean jartzeko da, besterik gabe.
Jakin ezazu, lehenik, Antxon ez dela deus geratzen Luzuriagaz.
Ez al zenekien?
Ez da broma, ez. Erreka jo zuen zure industriak. Zergatik? Zure herentzia hartu zutenek erabaki zutelako hobe zela metatua zeukaten dirutza beraiek xahutzea, lantegi zaharrean inbertitzea baino. Langile onak bai, baina berritu bat behar zuen. Bideragarritasun plana ikusi orduko, kutxa gotorra hartu eta hanka egin zuten. Zurenik hemen, ez dago arrastorik. Ondo entzun duzu, bai.
Zalantza egiten duzula? Zure eskuturreko erlojua ere, Ginebran erosi zenuen 18 kilateko bitxikeria hura, hain kuttuna zenuena, Christie´sen atera zuten enkantean 2009an. Zure familiak, Victorio, zure familiak…
Tira, tira, sentimentalkeriarik ez!
Esan dizugu zu jakinaren gainean jartzea dela gutun honen helburua.
Gaur, 2014ko martxoak 8 dituela, eguzkiz eta asmo ederrez beteriko larunbatarekin, zure bulegoen eraikin ederra, Antxoko mugatik metro baten aldera, zergak Donostian ordaintzearren eraiki zenuen pabiloi bakarra, geure gain hartu dugu.
Lotsa gutxi, zeurea. Ordua da zor duzuna ordaintzen hasteko.
Zertarako behar dugun?
Atsegin hartzeko, kultura sortzeko eta dastatzeko… Horrelakoak egiteko, pentsa.
Ekoizpena, diozu? Ekoizpena?
Artea sortu behar dugu, aizu. Aurrena, eraikina garbituz, premia dauka eta. Hurrena, egokituz. Ondoren, barrenak, gureak, eskatzen digun huraxe bideratuz, burua galdu gabe. Azkenik, antxotar guztientzat zabalik egongo den topaleku eta kulturbide bilakatuz.
Badakigu artea maite duzula, eta ulertuko gaituzula uste dugu.
Ez eskerrik asko, zure koadro horiek zeuretzat.
Begirunez,
LuzuriagaMartxan, Luzuriaga ondasun sozial gisa antolatzeko plataforma.