Jalila Uxue
Agadir
Ez zaitugu ikusi egunotan alemadan, eta Pazko oporrak probestuz aitaren aldeko aitona-amonak bisitatzera joana izango zarela pentsatu dugu. Horregatik idazten dizugu horra. Gure lanen berri eman nahi dizugu. Luzuriagakoak, neska! Ez al zara gogoratzen? Gu paretak txukuntzen eta pintura kapa zaharrak kentzen ari ginen, eta horra non ikusten zaitugun aurreko espaloian deika: utziko al nauzue sartzen? Ikusi egin nahi omen zenuen, ikusi: nolakoa zen hain sonatua bihurtu den eraikina, eta zertan ari ginen. Tarrapataka igo zenituen eskailerak. Ezker-eskuin begiratzen zenuen, detaile guztiak hartu nahirik.
Zu gure lanari begira, gu zure begien distirari.
Goiko solairura eraman zintugun, txukunago dago. Orduan, margo biziko forma ulertezin haiei begira, barkatu, guri ulertzinak zaizkigun forma haiei begira, «Hau etxeko lanak egiteko lekua izango da, eta ludoteka ere bai». Ez dakizu nolako poza hartu genuen, ezin duzu irudikatu zer adierazten genion helduok elkarri, bata besteari begiratu genionean isilik baina irriñoa ezpainetan. Ilusio bat… Kemen bat… Ardura bat… Izugarrizko oparia izan ziren zure hitz haiek guretzat. Aita zure bila etortzekoa zenez, bertan geratuko zinela esan zenigun, haren zain. Espatula bat zegoen leiho-harrian. Hartu zenuen eta hantxe ekin zenion pintura kapa zaharra kentzeari, Aszerekin.
Ez haserretu gurekin, Jalila Uxue.
Pareta polit hura, margo bizikoa, bota egin behar dugu. Hitzaldiak eta kontzertu txikiak antolatzeko areto bat antolatu behar dugu. Planoetan ere, arkitektuak zabalik utzi zuen alderdi hura, argitasuna eman behar diolako pasilloaren zati horri. Ez da izango ez ludoteka eta ez etxekolanak egiteko lekua.
Ez zaitezela tristatu, Jalila Uxue.
Areto hori zabaltzari baino garrantzia handiagoa emango diogu zuk amestu zenuen espazio hori zuentzat gordetzeari. Polita izango da, ez dudarik egin. Gainera, eskulanak egiten irakatsiko dizue Idurrek. Buztinarekin eta horrela, eskuak zikinduta. Benetako artistak bihurtuko zarete, eta gure patxada mentala astinduko duten forma ulertezinak sortuko dituzue.
Hori lortzen ez badugu, egiten ari garen guztia sekulako porrota izango da guretzat.
Goraintziak Aszeren partetik, eta laster arte.