ANTXOTARROK HISTORIA MINTEGIAK
LUZURIAGAMARTXAN EKIMENAREKIN
ERREDAKTATUTAKO TXOSTENA
Pasai Antxo
2014-2015 maiatza
Txosten hau urteetako bilketa eta bilaketaren emaitza da. Hainbat lekukotasun jaso ditugu, zuzen eta zehar, gure ondare eta jakinduria industrialari buruz: lantegietan ibiliak dira Antxoko biztanle adindu gehienak.
Oroigarriak, karnetak, nominak, kartilak, publizitate orriak, foiletoak, lan-jantziak, argazkiak, planoak, tresnak… denetarik ekarri ziguten eskura, ilusioz, Luzuriaga eraikinaren aldeko ekimena hasi orduko. Duela zortzi urte ernatu zen borondate hura proiektu eraginkor batera bideratzen du idatzi honek.
Luzuriaga eraikinaren historiari eta etorkizunari dagokiolako
Ondare industriala oraindik tamalgarri jasotzeke daukagulako
Horrelako ekimena pilotatzeko Luzuriaga kokagune ezin egokiagoan dagoelako
Oarsoaldeko barruti baztertuenak horrelako indargune eraginkorra behar duelako
HONA HEMEN IDEIA XUME BAT
INSTITUZIOEK LUZURIAGAN HARTU BEHAR OMEN LUKETEN ZATIRAKO
OBEJEKTUETATIK GIZAKIRA
1
DAKIGUNA IKASTEN
—Eta ranpa hau?
—Kamioak sartzeko, atalburua jo gabe.
—Almazena zen orduan hau?
—Begira gora, ez dituzu errailak ikusten?
—Grua-puente bat!
Bertan lan egindakoa dugu gida-lana egiten diguna.
—Laborategian garbitasuna zen nagusi, horregatik dago dena axuleiuz forratua, baita mahaiak ere.
—Zer da tramankulu gotor hori? Lurrean finkatua dago gainera.
—Erresistentziak neurtzekoa. Atzo hitz egin nuen Oiarbiderekin, garbitzera etorriko da.
—Funtzionatzen duela jarriko al duzue?
—Mekanika bai.
Luzuriaga eraikina bisitatuz, hainbat gauzak, hainbat tresna zatik ematen digute lan motaren berri. Teknika ikasi genezake. Lanen nekeza edo arina ere bai. Bizimoduaren maila ateratzen ahal dugu: alboan dagoen ate hau jangelako sarrera da, eta alboan dago herri barrutik etorrita berehala sartu ahal izateko, langileen semeek bertan bazkaltzeko aukera zutenez.
Alabek ez, alabek ez zeukaten eskubiderik bertan bazkaltzeko: familiaren eta gizartearen antolamendua ateratzen ahal dugu.
Indusketa tekniko-soziala bilakatu da bisita.
2
OIASSON I eta II MENDEAK,
OARSOALDEAN XIX eta XX MENDEAK
Lurrak bere geruzetakoren batean gordetzen duen informazioaren bila ikusten ditugu arkeologoak. Polita da, ikusgarria da, maiz erakusten ditu telebistak. Alabaina, badago beste arkeologia bat, ikusgarritasun gutxi daukana, espektakularra ez dena, baina lehen mailako garrantzia daukana gure iragan hurbila ulertzeko, alegia, gure oraina interpretatzeko, eta bereziki Oarsoaldean: ARKEOLOGIA INDUSTRIALA.
Portuak garraioa suposatzen du, ontziak. Ontziak eraiki egin behar dira. Konpondu ere bai. Itsasertzean, jakina. Industria, nolabait, ezinbestekoa zaio portu bati. Ontziekin lotutako lantegi handi eta txikiak ez ezik, Oarsoaldeak industria multzo ugaria eta garrantzitsua eduki zuen XIX eta XX mendeetan. Ia osorik metalgintzari lotutako ingurua izan dugu Oarsoaldea.
3
ANTROPOLOGIA INDUSTRIALA
Gure ondare industriala oso ezezaguna da oro har, eta esan liteke gizarteak desinteres handia azaldu duela aberastasun honetaz. Ez dago inbentariorik, ez sailkapenik… Eta benetako monumentuak zirenak suntsitu izan ditugu kontzientzia arazo handirik gabe. Oarsoaldean bertan hainbat pabiloi eder eta historiko, adituek katalogatuak zeuzkatenak, birrindu dira oraindik orain. Kasu askotan, gainera, lantegien izenak berak ere ezabatu egin dira herriko toponimiatik eremu industrialak urbanizatu ahala…
Industrial heritage kontzeptua 1940ko hamarraldian sortu zen Ingalaterran. Frantzian ia berrogei urte geroago hasi zen. Euskal Herrian are berriagoa da gai hau, eta diziplina denik ere ezin esan genezake: industriaren eraikin-ondarearekiko sentsibilitatea hasi da garatzen azken urteotan zenbait sektoretan, baina ez da aski.
Arkeologia, funtsean, metodologia mota bat da. Munduari so egiteko lan eredua. Gauzak aurkitzeko, jasotzeko, gordetzeko, sailkatzeko, interpretatzeko, erakusteko, irakasteko eta berreskuratzeko modu bat.
Arkeologia industriala, berriz, zientzia sozial bat da, alor desberdinetako adituak biltzen dituena eta —garrantzi berezia dauka honek— afizionatu, laguntzaile eta berri-emaile askoren lana behar duena ezinbestez: gure bizimodu modernoa definitzeko tresna da.
Arkeologia Industrialaren Zentroak, ondorioz, XIX eta XX. mendeko herri jakintzaren ezaupideak emango dizkigu.
4
ERAIKINEZ HARATAGO
Lantegien eraikinak ikusi batean bereizten ditugu, nabarmenak dira. Tximiniekin batera, industriaren erakusgarri dira. Pabiloi asko suntsitu dira, kritikak azaldu dira han-hemen. Aipatu dugu kontzientzia bat sortu dela eraikin industrialaren inguruan. Arkitekto gazteek lan handia egin dute azken urteotan eraikin bereziak nolanahi bota ez daitezen. Badirudi, tamalez, eraikina dela industriak utzi digun ondare bakarra.
Zer dakigu horko edo hemengo eraikinean garatu zen lanari buruz?
Zer egiten zen bertan? Nola egiten zen?
Nolako tresneria erabiltzen zen?
Nolako teknikaz baliatzen ziren langileak?
Nolako irabaziak zeuzkaten?
Nolako lan baldintzetan ziharduten?
Zergatik desagertu zen enpresa?
Zer suposatu zuen lantegi hark inguruaren ekonomian?
Eraikinek barne bat zeukaten. Barne horretan tresnak zeuzkaten. Tresna horiek teknika bat suposatzen zuten, gizakiaren lana. Gizaki horiek baldintza batzuetan egiten zuten lana… Eibarko Armeria eskola, bere museoarekin, bada zerbait. Azpeitiko Trenaren Museoa ere bai, arazo politikoak gorabehera. Lenbur indartsu abiatu zen. Zerainek aurrera egiten segitzen du.
Oarsoaldeak sekulako aberastasuna dauka azaleratzeko industria alorrean. Egin dezagun kontu Xenpelarrek fabrikan egiten zuela lan, mende eta erdi luze da. Denboraren ardatzean bezala alorren ardatzean: sokak, upelak, esmalteak, oihalak, galletak, burdinak, ontziak, kontadoreak, kontserbak, itsas-tresnak, likoreak, osagailu elektrikoak, txapelak, kolak, pinturak, tuboak, botikak… denetarik eduki dugu. Agerian, ozta geratzen zaigun arrastoren bat edo beste.
Baina lekukotasun asko daude jasotzeke.
Euskal Herrian badauzkagu Ontzi-Museoak, baina zer dakigu arrantzaz, arrantza motaz, bizimoduaz, Terranovaz eta bakailaoaz? Oraindik ere potentzialitate handia duen ingurua da Oarsoaldea: pentsa dezagun portuan bakarrik egin litekeen lana! Inork badaki zenbat lanbide desberdin izan dituen portuak?
Gure eskualdeak eta bereziki Pasaiak eman lezakeenaz garbiki azaldua daukate Aurkene Alzuak, Basagaitz Gereñok eta Markel Mendizabalek beren iritzi teknikoa: «Interpretazioari dagokionez, herri bikaina da Pasaia, horren ondare aberastasuna dela eta, tokiko garapena bultzatzeko Industria Ondarea Interpretatzeko Plana egiteko […]. Garai hau ezin hobea da halako prozesu bat hasteko». [Ondare industriala Pasaian:defentsa eta zabalpena. Sorginarri 2. Aranzadi-Pasaiako Udala, 2007]
5
BI EKINBIDE
Hasiera batean, antropologia industrialaren garrantzia eman behar litzateke ezagutzera: dei efektua eragin, gizartea inplikatzen hasteko. Ondoren, batzorde gisako bat antolatu behar litzateke, zientzia honetan interesatuak daudekeen guztiak informazio sare batean biltzeko. Hala behar izanez gero, batzorde honek bozeramaile papera joka lezake, eta erakundeekiko harremanak bideratu: federazio bat osatuko luke, funtsean.
Probintziaz gaindiko lan honekin batera, Luzuriagatik bertatik abiatu behar lituzke lehen pausoak Zentro honek, marka honetako fundizioen eta ontziolen arkeologia eginez (Errenteriako eta Usurbilgo galdategiak, San Pedroko eta Donibaneko ontziolak…). Era sistematikoan egin ez bada ere, lan hau abiatua dugu dagoeneko, errekuperazioan eta lekukotzan bereziki. Eta apurka, tokian tokiko jakile, aktore eta zaletuekin kontaktuak eginez, Oarsoaldea osoko lantegi nagusien katalogazioa egin behar genuke, eta lehentasunak ezarri.
Arkeologia liburu sailaren zazpigarren alean adierazten zaigun bezala, «Ez da aurrera egiten [eraikinak altxatu zituen] gizartearen gaineko ezagueran», eta «Oraingo erronka, berriz, azterlan eta analisi berrietan sakontzea da». [Arkeologia 0.7. Arkeologia industriala Gipuzkoan. Egungo egoera. Beatriz Herreras / Josune Zaldua. Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011].
Antropologi Industrialaren Zentroa formazio lekua ere izan behar luke beraz, bertikalean eta horizontalean jalgitako historia materialaren etapak behar besteko bermearekin analizatu ahal izateko.
6
INGURUAREN IKUSPEGI BERRI BAT
Garbi dago beraz interakzio edo elkartruke handi bat suposatzen duela arkeologia industrialak, bai datuak eta objektuak lortzeko, bai informazioa jasotzeko. Ezusteko sare bat sortzen du, mapa arkeologiko tradizionala izugarri aberasten duena.
Baserria kontu rurala bezala dago kontsideratua, baina Antxon bertan 1950eko hamarraldian antolatutako makinaria elektro-mekanikoa dauka Iparragirre baserriak, sotoko sabaitik eutsitako ardatz gurpildun eta uhal sistema batekin arbia eta artoa txikitzeko makinak martxan jartzeko… Antzinako tailer bat da!
Albaolak zurezko ontziak lantzen ditu, ontzi tradizionalak. Antxok ere badu horrelakorik, upelgintza garrantzitsua zen barrutiaren ekonomian. Upelak porturako ziren, Errioxako ardoa esportatzeko. Upela-itsasontzia harremana egin dugu zuraren bitartez: Albaola lotua dago Antxorekin, eskulangintza bietan. Batak tradizioa errekuperatzen du, besteak lanbide baten gainbehera erakusten du, egokitzapen bat, ardo upeletatik danborradetarako barriketara.
Horrela, hainbat hari eta sare eta ibilbide sortuko dira Oarsoaldea guztian, Gipuzkoako beste eskualdeekiko harremanak sortu eta indartu besterik egingo ez dutenak.
7
TURISMO KULTURALA
Esandakotik ia berez ateratzen da bestelako turismo bat erakar lezakeela arkeologia industrialak, kultura turismoa esan izan ziona. Bianchik osagarri elektrikoak egiten zituen, Niessenek ere bai. Nonbait kokatu beharko dugu bien piezekin egindako katalogo ikusgarria… Benedictine eta Marie Brizard likoreak fabrikatzen ziren Antxon. Publizitate handia egiten zuten, euskarri desberdinetan. Nonbait kokatu beharko dugu Oarsoaldeko publizitate industrialaren erakustegia (Olibetek ere publizitate ugari egiten zuen).
Nola ez, emakumea eta lan industriala landu beharko den gaia da: erakusketa bikainak egin litezke bilduak dauzkagun argazkiekin, batera eta bestera itineratuz… Turismo kulturala eta Oarsoaldearen promozio turistiko-kulturala.
Ez da turismoa, noski, arkeologia zentro baten helburua, baina ez dago gaizki aipatzea albo-mesede gisa.
8
ARKEOLOGIA INDUSTRIALAREN ZENTROA ABIATZEKO
Antxotarrok Historia Mintegia, bere xumean, aktore garrantzitsua izan liteke Zentroa elikatzeko hasiera batean. Arkeologia, industriala barne, landa-lana da, eta AHMk oso ondo ezagutzen du bere esparrua, urteak daramatza ingurua jorratzen eta kolaboratzaile ugari dauzka. Pasaiako Fototeka antolatze ari da. Nahi adina ez baina, laneko eta lantegi barruko argazki bikainak dauzka, herritarrak emanak. Antxo barruti txikia da, eta oso kohesionatua: lan ederra egin liteke hainbat alorretan.
Antxo metalgintza eta upelgintzaren gunea izan zen sorreratik bertatik. Gipuzkoako azken upelgilea bizirik da oraindik. Semeak jarraitzen du tradizioa, danborradetarako barrikak eginez.
Bizirik dauzkagu Usoz txapel fabrikan lan egindako zenbait emakume.
Bianchin ibilitakoak ere bai, asko samar gainera, osagailu elektrikoak egiten…
Zer ez ote dago Herrera, Trintxerpe, Errenteria inguruetan aztergai, lan industrialari buruz?
Inork ba ote daki Antxok sei burdinbide izan dituela?
Arkeologoak, historialariak, geografoak, ekonomialariak, arkitektoak, arte adituak, soziologoak, katalogatzaileak, medikuak, argazkilariak, entrebistatzaileak, marrazkilariak, langileak, bideogileak… Aditu asko eta alor asko biltzen ditu arkeologia industrialak diziplina arteko zientzia dugunez, objektuetatik gizakirakoa.
Eta denetarik daukagu Oarsoaldean.
Bibliografia
Herreras, Beatriz. Altza, historia y patrimonio. Altzako Historia Mintegia / Casares Kultur Etxea, 2001
Alzua Aurkene / Gereño, Basagaitz / Mendizabal, Markel. Ondare industriala Pasaian:defentsa eta zabalpena. Sorginarri 2. Aranzadi-Pasaiako Udala, 2007
Herreras, Beatriz / Zaldua, Josune. Arkeologia 0.7. Arkeologia industriala Gipuzkoan. Egungo egoera. Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011
Irixoa, Iago / Zapirain, David. Pasaia: hiri-garapena. Sorginarri, 7. Pasaiako Udala, 2011
Izagirre, Koldo. Voz y vida obrera LUZURIAGA hogeita bost lekukotasun. Sorginarri, 6. Pasaiako Udala, 2013