Gertakariak

Pasaiko lapurreta aundia

Argia, 1936-05-10

Bigarrena da tarte txikiarekin. Lengoa Huarte’ren lantegietan izan zan; oraingoa Donosti’ko diru-etxeak Pasai Antxo’n dun ordezkaritzan. Goizeko amarrak aldian omen zan. Pistola eskuan, joan omen zan bat diru-etxera ta buru egiten duna atera omen zitzayon leyotillara. Lagun baten zai omen zegon eta jostaketarako goguarekin zetorren lagun ura zalakoan, jostaketak utzi ta pistola gordetzeko esan omen zion. Ez ordea laguna izan; bai ordea lapurra. Diru-etxean zeudenak komunean sar-arazi omen zituzten. Gero billatu zituzten diru guztiak artu ta gerturik eta zai zeukaten automobillera. Guztitara irurogei ta amabost milla laurleko edo eraman omen zituzten. Joan dan illaren azken-egunean izan zan lapurreta; koxka polita Primero da Mayo eguna bapo igarotzeko…
Automobilla Donosti’n artu omen zuten; San Markos bidera joan eta an utzi omen zuten txoperra lotu-ta ta gero beren etxua egin ondoren, Donosti’ko tabakalerako inguruan utzi omen zuten automobilla. An billatu zuten iñor gabe ta jabe gabe.
Bigarren aldiz erabiltzen omen dute automobil bera era ortako lapurretak egiteko.
Ez dute lapurren aztarrenik ere atera; bost edo sei izan bear zuten.