Euskaltzale, 1898-02-10
Erri polita, urtan jaiotzen dan erriari ondo iristen dionarentzat.
Ura dauka erdian eta mendiaren azpian, eta mendiari ondo itsatsirik gorde eta ezkutatzen da alde batean eta bestean.
Uraren eskuitik dagoena, San Juan-en mende gozoan bizi da, eta joan dan eunkia ondotxo aurreratu arte, Hondarribia zar eta argidotarrarena zan.
Urez ezkerrean ikusten dana, eunkian asi ta gero ere, Donostiarena zan, eta San Pedro du bere zaintzaria. Gero biak batu ziran, eta egin zuten erri bat, Pasaia deritzaiona. Ibili dira arrazkero zerbait sakabanatuak, bakoitza bere aldetik, baina Alzarekin izan duten auzi bat dala edo ez dala, berriro elkartu dira. Jarrai dezatela urte askotan elkartasun ortan!
Pasaiatik itsasgizon azkarrak atera izan dira. Ontzi asko egin ere bai, Pasaian len ziran ontzigile bikainak.
Pasaitarrak buruz ez dira nagiak: izketan, miingain leun eta zorrotzekoak. Pasaitarra zan, bein erosu ta farrez, Donostiar bati emen jartzen goazen itzak esan ziozkan emakumea:
— Begira! Neri gustatzen zait ogiari pan, ardoari vino eta aguardintari confortable.
Orrelako esaera asko dute Pasaian.
An zezenakin gertatu izan diren gauzak, farre eragiteko ezin ta egokiagoak dira. Bein igo zan zezen bat irugarren bizitza batera, ara igesi joan zan gizon baten ondoren, eta oe baten zegoen maindirea, adarrean arturik, irten zan, oso arrotua, leiora.
Pasaiaren izen eta omenik aundiena dator, batik bat, an ontziak gordetzeko itsasoak egiten duen kolko apal eta gozatsutik. Ara joaten dan ontzia, itsasoaren beldurrik gabe egon liteke. An, ura, pazian esnea bezin geldi dago.
Ontzi asko sartzen dira Pasaian urtearen buruan, eta gehiago sartuko lirake, ango sal-erosi ta ontzien sarrera ta irteera gauzetan eskubiderik geiena daukan elkargoa besterik balitz, eta begiratuko balio portuari arreta biziagoarekin.
Pasaian, alde batetik bestera, igarotzeko dauden txalupatxoetan dabiltzan emakumeak, orain baino lenagotik dira txit otsandituak. Biltokietan ere agertu izan dira, eta, Kondairak dionez, EspaƱiako Errege Felipe Laugarrena Bidasoaraino joan zanean Franziako Errege Luis Amalaugarrenarekin itz egiteko, txit arriturik gelditu zan, emakume pasaitarrak txalupa erabilteko zeukaten azkartasuna ikusirik.
Oraintxen ere, Pasaitarrak ez daukate bertan berako beren erri kutuna. Gipuzkoako Venecia dala diote, eta ala diotenean sinistu egin bearko zaiote. Eta sinistu nai ez duena, isilik egon dedilla, edo bestela, ez dedila Pasaitarren txalupetan sartu, Antxotik San Juana joateko. Zergatik Pasaitarrak esango diotena: ura Venecia dala sinistu nai ez duena, ez bedi Venecia ikustera joan
Etxegarayko Karmelok