Pasaia 2 zenb., 1986
Gure Pasai Antxon, 1944ko gaueko hamarrak aldean edo, Otsailaren hamazortzi batean, zehaztasun gehiagoz Ostegun Gizen eguna izanik, Zumalakarregi kaleko bosgarren atarian eta bigarren solairuan ikusi nuen argia lehen aldiz. Garai hartan ohitura zen bezala, bakoitza bere etxean jaio izaten zen eta txorakeria handirik gabe, gainera.
Nire lehen urte haietako oroitzapenak zeharo nahastuta dauzkat. Badakit, jakin, bi urterekin Bartzelonara, nire lehengusu baten ezkontzara eraman nindutela eta gainera beti esan dudala bidai hartatik Bartzelonako oroitzapen bat edo beste gorde dudala, baina hobeto pentsatuta, ziur aski, etxean behin eta berriro entzundako ipuinak eta pasadizoak, azkenik ametsetan ikusi eta sinestu egin ditut. Edo, egia al ziren? Gaur egun neronek ere ez dakit argi eta garbi.
Dena dela, bidaia bai, egin nuen, eta gainera Zaragozatik pasatzerakoan Pilarrea ikusteko eta muxua emateko aukera izan nuela. Beraz, pentsa dezakezuen bezala, nire hiruzpalau urterekin nire auzoa baino pixka bat gehiago ezagutzen nuen herriko mukixu bakarrenetakoa nintzen.
Baina, oroitzapen errealak nire lau urterekin hasten dira argi eta garbi. Adin honetan nire katoia besapean eta Antxoko Eskola Publikoetan hasi nintzen. Eskolek gaur irauten duten lekuan zeuden, baina itxura oso-oso bestea zen. Hamarretxeta (artean Coronel Beorlegui) izen dotorez ezaguna den kaletik adin guztiko neskak eta lau-bost urteko mutil koskorrak sartzen ginen, gero sei urtekin mutilak gora pasatzen ginen bitartean neskek behean jarraitzen zuten: Hara ze matxismoa! Ez da ala?
Dena dela, nire bost urterekin, ni beheko gelan nengoelarik eta ez dakit zer egingo nuen baina maixtrak (ez andereƱoak, noski) erregelaz kriston kaskarrekoa eman zidan buruan eta erregela apurtu egin zen. Pentsa daitekeen bezala, honelako metodo pedagogikoarekin ni zeharo jota gelditu nintzen (jota hitzaren bi esangurekin, hain zuzen), geroago zera pentsatu dut: maixtra hark ezagutuko ote zuen Piageten teoria, edo guregan frustrazio mota bat edo beste sortzeko kezka izango ote zuen? Kasua hau da: nik izugarrizko beldurra hartu niola maixtra hari eta nire biziko lehenengo plantea egin nuela, pankartarekin atera gabe, baina berriro eskola hartara ez joatea erabaki nuen. Gurasoek nire erabakia eta nire kaskarrekoaren gorabeherak ezagutu zituztenean, eta nahiz eta sei urte ez izan, goiko geletara pasa nendin beren ahaleginak egin zituzten, bai eta lortu ere, honela, besteak baino mukixuago izanik ginezeoa abandonatu nuen androzeora (andros grekoz gizona da, ez pentsa alderantziz) joateko.
Han don Jose maixua aurkitu nuen; honek, zorionez, ez zuen erregelarik erabiltzen… baina bere ordez zumezko ziri luze bar zeukan eta honez gure zankarretan (denok galtza motzak generamatzan garai hartan) ondo baino hobeto astintzen gintuen.
Gure haurtzaroan urtea zeharo ondo antolatuta geneukan: ziba-aroa, kanika-aroa, Maiatzean eta Ekainean egur bila San Juan sua egiteko, gero gure San Ferminak (hau bai zen aro ederra!), e. a. Baina, ez urtea bakarrik, eguna ere baizik. Goizean, hamabiak arte, eskola. Gero ordu bi terdietatik seiak arte beste horrenbeste, eta seietan irten eta gutako gehienak “kanto”-ra joaten ginen, han Don Luis Agirreren eskutik gure pinito musikalak eta solfeoaren lehen urratsak ematen genituen.
Nire ustez euskararekin izan nuen lehenengo kontaktua hori izan zen. Gure herrian, artean, erdara baino ez zen entzuten, nire etxean, nahiz gurasoak euskaldunak izan eta noizean behin bere artean zer edo zer euskaraz esan, beste horrenbeste gertatzen zen. Kantuan, aldiz, eta Eguberrietarako abestiak gertatzerakoan, bereziki, euskarazko hitz batzuk buruz ikasteko aukera izan genuen. Nolako poza Gabon egun batean herriko emakume batek ehun pezeta eman zizkigunean… euskaraz abesteagatik, hain zuzen! Guk ez genuen ulertzen zer ari ginen esaten, baina beste zerbait ulertu genuen, hizkuntz hura, hots, gure hizkuntza, zokoratuta eta zapalduta zegoela.
Kantotik irten eta musikara pasatzen ginen, bertan Hilarion Eslaba metodoarekin D. Felix Betetaren batutapean solfeo gehiago ikasten genuen. Behin maila batetaraino heldu eta… azkenik aldiune zirraragarria iristen zitzaigun: instrumentua aukeratzearena alegia. Nik ez dakit zergatik baina txistua aukeratu nuen eta honela nire bederatzi urterekin lehen jaunartzearen egunean egiten zen prozesioan irten nintzen kezkaz baina bide batez urguiluz beterik. Nirekin batera, Zala, Etxeberria, Tolosa, e. a. sei-zazpiko talde bar osatuz. Gero batzuek txistuarekin jarraitu dugun bitartean besteek utzi egin dute. Baina, zer egingo dugu ba? Bizia hala da.
Eta honela, batzuetan pozik eta bestetan triste, pasatu ziren egunak eta nire biziaren lehen hamarkada, nire benetako lagunekin, nire herrian, hain itsusi baina bide batez hain maitagarri den nire Pasai Antxon.
Luis Mari Bandres Unanue