Pasaia Gaur nº 16, 1979
Pasaiako etxe batean mutiko bat sartu eta gutxi gora behera honela mintzatu zan bere amatxoarekin:
— Ama, ama, nik zaharra izan nahi dut!–, malkoen artean.
— Boeno, zer gertatu zaizu honela etortzeko? Negarrez ari zara eta zergatik esaten duzu orain zaharra nahi duzula izan?
— Bai, erderaz hitz egiteko. Nik ikusten dut, zuek zaharrek, erderaz hitz egiten duzuela.
— Ez dakit zergatik esaten didazun hau baina nahi baduzu hitz egin dezakegu horretaz.
— Gaur zumardian jolasten ari ginen beti bezala eta mutiko batzuek euskaraz hitz egiten ari ginenoi esan digute: ¡Qué demonios habláis! ¿En indio o qué? ¿No sabéis hablar como los demás?
— Horik al dira zure arazo guztiak? Lasai, mutila.
— Baina nik ikusten dut oso jende gutxi garela euskaraz hitz egiten dugunok.
— Hori egia da, baina dena dela gero ta gehiago hitz egiten da euskaraz gure herrian. Orain arte ez da hitz egin ezer eta orain jadanik zer edo zer aditzen da. Eta gainera oraindik oso txikia zara eta ez zara hemendik atera baina beste zenbait herritara joango bazina asko hitz egiten dela ikusiko zenuke.
Gure mutikoa pentsakor geratu zen, baina berehala jarraitu zuen:
— Bi galdera egingo dizkizut. Lehenengoa: Zertarako balio du euskarak?
— Galdera horri ezin diot erantzun zehatz bat eman, baina gu euskaldunak gara eta hori da edo izan beharko zuen gure hizkuntza; eta beste aldetik gauzak normal jarraitzen badira gero eta beharrezkoagoa izango da, bai kalean eta bai lantegietan ere; orduan zuk besteek baino gehiago jakingo duzu.
— Ez nago oso konforme baina tira, eta orain bigarren galdera egingo dizut: Zaharrek zergatik ez duzue zuen artean euskara erabiltzen?
— Bai, arrazoia duzu, orain adieraziko dizut zer gertatzen den. Guk etxean ez dugu erabiltzen baina horrek ez du esan nahi ezin daitekeenik. Guk zoritxarrez ez dakigu ondo eta orduan erderaz mintzatu behar gara. Horregatik nahi dugu zuek ongi ikas dezazuen. — Ikas ezazue bada.
— Berandu da hori egiteko.
— Beharbada, bai, baina hortik aparte ikastolara joaten garenean badaude guraso batzuk nahiko dexente dakitela eta erderaz mintzatzen dira beren artean.
— Ez dakit ba.
— Orduan gu jarraituko gara euskaraz hitz egiten nahiz eta besteek farra egingo diguten eta zuek erderaz hitz egin.
— Noski.
L. M. G.