Pasaia Gaur nº 9, 1978
Gaurko errealitate politikoak, objeziorik gabe, boterean dagoen klaseak bere zapalkuntza motari aldakuntza kualitatibo bat ematen diola azaltzen digu. Aldakuntza hau langile eta herri borrokak egindako indarrari esker lortu da. Eta borroka honetan gazteriak parte handi bat hartu du.
Emandako aldaketez ez dute zapalkuntzaren oligarki izaera aldatu, baina egoera ezberdin batzu sortzen dituzte, eta antikapitalist borroka aurrera eramateko egoera berri hauetara moldatu beharra dugu. Gaur ez dute sistemari globalki egindako kritika abstraktuek balio. Momentu hauetan iraultza prozesoa posibilitatzeak inzidentzia eta alternatiba egingarri batzu suposatzen ditu, koiuntura politiko konkreto bakoitzean.
Gauza guzti hauen aurrean, arazo bat sortzen da: nola posible egin gazte mogimendua herri langilearen prozesora moldatu? Erantzuna bistakoa da. Bereziki gazteena den problematikaren indartzearekin, herriaren arazo politiko orokorrekin batera, izanen da posible bakarrik gazte mogimenduaren egitura; mugimendu honek kontzientzia, eta erakuntza mailak altxatzeko eta, herri osoarekin batera, sozialismoaren eraiketarantz abiatzeko.
Barruti hauetan sartu beharko dira gazte proiektoak. Urratsak astitsu izanen dira, baina segurrak.
Bide zati handi bat falta da ibiltzeko, etsai kontzientez beterik dagoen bidea. Burjes eta erreformista indarrak ez dira geldituko gure helburuak lurperatuak ikusi arte. Baina hau ez da arazo bakarra izanen. Gazteri mugimendu barnean eskapismoa sortuko duten elemento batzu izanen ditugu ere; beraz, objetiboki, kontrairaultzaileak. Elemento hauk “akratak”, “snobistak” edota “neoanarkoak” dira; eta gaur, abertzale izanik ala ez, oso ugariak dira.
Sektore hauek egun batetan kapitalismoaren gaiztakeriak aurkitzen dituzte eta beraiekin puskatzea erabakitzen dute, planteamendu gogo handikoez, beraiek batzutan asimilaturik, baina oso gutxitan kaleko gazteek (beharbada inoiz jolaslekuren batetan elkar ikusiak) ulertuak. Gazte mugimenduak duen egoera objetibotik urruntzen diren planteamendu handi hauk, praktikan, masengan erarik gabeko maximalismoa absurduak bihurtzen dira. Euskadi bere lagun taldea dela pentsatzen duena nahitaezko idealismo batetan eroriko da.
Erakuntza dela eta (ez dugu ahantzi behar erakuntza beharreko baldintza bat dela herri eta langile helburuak lortzeko) erazoa handitzen da. Planteamendu subjetibistek posible ez diren erakuntza konzepzio eta alternatibetara daramate, ezezkor eta erretzeko diren betiko boluntarismoan erortzen. Gure “iraultzaileak” ez dira oraindik konturatu ez dela nahiko azken helburuei buruz mintzatzea, bitartekoak ipini behar direla ere baizik. Beren etxetako laborategian giza errealitateaz pentsatzen dute; eta ateratzen dituzten ondorioekin beren buru progresistan zuritzen. Aplikagarriak izan ala ez haientzat ez du hain garrantzi handirik. Gazteri kopuruarekiko sektore hauek soposatzen duten autobaztertzeak desantolaketa eta berezkokeriaren indartzea dakar.
Baina arazoak ez du hemen bukatzen: beste sektore kontzienteago batzuk planteiatzen dituzten kontzientziapen eta erakuntza alternatibak bonbaztatzen ere. “Ezer” planteatu gabe, “osoaren” kritikoak dira; “hastapenaren” ezetza dira, “desantolaketa” antolatua.
Bestalde, beren beste aktibidade nagusi bat alderdi politikoen kontra borrokatzean datza, mesfidantza sortzen berauekiko gazteriarengan; eta alderdiak direlako soilik. Eta hau ikusiz gero, klase nagusia ondorio hauetara heltzen da: gazteak duten abangoardia kontzienteenatatik baztertzea, apolitikotasuna sortzen eta, ondorioz, gazteri hau reakzioaren kontrako borrokan desarmatzea. Ultraezkerrismo anarkista, akratismo edo fenomeno hau izendatzeko beste izenaren baten praktikan ez du taberna politikeria edota hauzo esamesa gainditzen.
Gazteri sektoreak, beste sektore batzuk baino ahalbide txikiagoa du burjes demokrazi barrutian sartzeko, baina mugimendu barnean dauden akratoide joerak ez badira borrokatzen, langile klase eta herri osoarentzat indar galdu bat izanen da. Gazte mugimenduak dituen kanpo eta barne etsaien kontra borrokatzearen beharra ez bada betetzen, mugimendu honen eraiketa utopia mailan geldituko zaigu.
J. M.