1935
— Osagarri elektronikoak egiten zituen Bianchi lantegia ezarri zen Antxon.
— Ford etxeko langileek zeramaten borrokari laguntzeko greba kaian.
— Pasaiako portuaren ezaugarri izango ziren hiru eraikin mustu ziren: Juntako bulegoena, euskal estilokoa; aduanarena, berpizte aroko estilokoa; kontsignatarioen bulegoena, modernista. Eraikin hauek, 1941ean musu ziren sorospen etxearekin (modernista) eta Komandantziarekin batera (euskal estilokoa), tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka erakutsi zuten eraikuntza ofizialetan.
— Batzar sindikal handia Cine Moderno-n, greban dauden arrantzaleen egoera larria aztertzeko.
— Istilua Batzokian, zalapartak eta labankadak.
— Kaiei itxura berria eta zamaketari berebiziko azkartasuna emango zieten Babcock Wilcox etxeko 10 garabi elektrikoak heldu ziren Bilbotik. Garabiak ibili behar zuten karrilak oraindik amaitu gabeak zeudenez, Herrerako kaian eduki behar izan zituzten.
1936
— Batzar berezia egin zen Cine Moderno aretoan: Pasaia eta Altzako Circulo Mercantil e Industrial sortu zuten merkatariek.
— Jose Manuel Linazasoro, Txulofronton, Gipuzkoako batzokiek antolatutako txapelketa irabazi zuen eskuz binakakoan, Jose Orbegozo altzatarra atzelari zeukala, jokatu zituzten hogeita bi partidetatik hogeita bat irabaziz. Finala Errenteriako batzokian jokatu zen.
— Errekisa egin zuten Buenavistako Banco de San Sebastian-en. Trajez jantzitako sei gizonezkok, pistolak eskuan, 75.900 pezeta eraman zituzten, kopuru ederra garai hartan. Errekisatu egin duten taxi batean egin zuen ihes Donostia aldera. Susmoen arabera, “gaizkile sozietarioak” ziren, alegia, anarkistak.
— Obus fakziosoek Antxo jo zuten uztailean. Batzuek ez dute leher egiten, eta antxotarrek argazkiak ateratzen dituzte haien ondoan. Fakziosoak egun gutxiren buruan zapalduko zituztela uste zuten denek.
— Jose Manuel Linazasorok eta Jose Orbegozok erresistentzia ekintza xume bat egin zuten, Gipuzkoako txapeldunen kopa ezkutatuz: euskarazko hitzak zeuzkak landuak. Baina, zer gerta ere, itsatsia zeukan metalezko ikurrina txikia kendu zioten…
1940
— Colegio del Amor Misericordioso izeneko ikastetxea mustu zen Iparragirre kaleko 4. zenbakiko etxean (Zumardiaren izkinan), lehen eta bigarren solairuak hartzen zituela (kale honek Eskalantegi izena dauka gaur egun). Moja dominikek kudeatzen zuten eskola (Dominicas de la Anunciata), eta 221 neska matrikulatu zituzten aurreneko ikasturtean.
1941
— C. D. Pasajes kirol elkartea sortu zen. Futbola, pilota eta atletismoa landu zituen hasiera batean. Miguel Maiza izan zuen aurreneko lehendakaria.
1943
— Gaur egun enpresa handi haren lekuko bakarra dugun Luzuriagaren Bulegoak izango ziren eraikinaren planoak aurkeztu zituen Ricardo Olaran arkitekto eta ingenariak. Arrasaten jaioa, harreman estua eduki zuen Jose Mª Arizmendiarrietarekin kooperatibismoaren sorreran, gaur eraitsiak dauden lantegi asko egin zituen, eta Carlos Santameria, Luis Michelena eta Manuel Agud Querol-ekin batera Gipuzkoak unibertsitate publikoa eduki zezan siatu zen 60ko hamarkadan. Antxoko eraikin hau dugu zabarkeriaz baztertua eta ahaztua dagoen arkitekto garrantzitsu hone obratik iraun duten apurrenetakoa. Gorde eta berritu beharreko ondarea dugu batere zalantzarik gabe, daukan interes estetikoagatik, garai bat islatuz, dakarren langile oroimenagatik eta zerbitzugune bezala eskaintzen duen aukerengatik.
— Santos Uranga, Xantus Pitus txistularia hil zen, udaleko langile saiatu eta… frankistek zigortua.
— Los Tres Pasajes aldizkaria abiatu zen, Pasajes zaharraren jarraipena zazpi urteko isilaldiaren ondoren. Ez dago aniztasun politikorik, gai sozialak ez dira aipatzen, eta franko-katolikotarren balioak goresten dira.
— Jaizkibeldik ekarritako ur horniketa berria antolatu zen Antxorako eta San Pedrorako, itsaspetik zetorren hodi zaharra kenduta. Askotan hondatzen zen, baforeek kaltetuta.
1945
— Eliza eraitsi eta berri bat egin nahi izan zuten Antxoko etxegile eta aferista ezagun batzuek.
1947
— Luis Romerok antolatuta, hamabost gaztek Olentzero ibili zuten karriketan. Lehen aldia zen, 1936 ezkeroztik, euskaraz kantatzen zela kalean.
1948
— Galeperra elkartea sortu zen, ehiza eta arrantza sustatu eta… gogor arautzeko.
1949
— Luis Romerok sortu eta zuzenduriko Coral Pasaitarra abesbatza hasi zen kantaldiak ematen.
1959
— Don Frantzisko Etxenike hil zen, Antxoko lehen parrokoa.
— Lagun talde batek Peña Goyerri sortu zuen, sanferminetako gauak alaitzeko. Ideiak arrakasta izan zuen, eta peña gehiago sortu ziren gerora.
— Don Pedro Jimenok hartu zuen Antxoko elizaren zuzendaritza, parroko gisa.