Kronologia

1936

urtarrilak 12

— Batzar berezia egin zen Cine Moderno aretoan: Pasaia eta Altzako Circulo Mercantil e Industrial sortu zuten merkatariek.

martxoa

— Jose Manuel Linazasoro, Txulofronton, Gipuzkoako batzokiek antolatutako txapelketa irabazi zuen eskuz binakakoan, Jose Orbegozo altzatarra atzelari zeukala, jokatu zituzten hogeita bi partidetatik hogeita bat irabaziz. Finala Errenteriako batzokian jokatu zen.

maiatzak 1

— Errekisa egin zuten Buenavistako Banco de San Sebastian-en. Trajez jantzitako sei gizonezkok, pistolak eskuan, 75.900 pezeta eraman zituzten, kopuru ederra garai hartan. Errekisatu egin duten taxi batean egin zuen ihes Donostia aldera. Susmoen arabera, “gaizkile sozietarioak” ziren, alegia, anarkistak.

uztaila

— Obus fakziosoek Antxo jo zuten uztailean. Batzuek ez dute leher egiten, eta antxotarrek argazkiak ateratzen dituzte haien ondoan. Fakziosoak egun gutxiren buruan zapalduko zituztela uste zuten denek.

iraila

— Jose Manuel Linazasorok eta Jose Orbegozok erresistentzia ekintza xume bat egin zuten, Gipuzkoako txapeldunen kopa ezkutatuz: euskarazko hitzak zeuzkak landuak. Baina, zer gerta ere, itsatsia zeukan metalezko ikurrina txikia kendu zioten…