1761
— Pasaiako portuaren planoa argitaratu zen Donostian: bertan ageri da Antxo izeneko baserria [“Ancho”], Berratik behera datorren bide baten buruan, itsaso bazterrean. Gutxi gorabehera, gaur Avanzado eta Koadrantea esaten zaion kaiaren parean zegoen.
1859
— Altzan barrena burdinbideak behar zituen lurren desjabetza hasi zen. Hona kaltetutako baserriak: Algarbe, Altuena, Antxo, Arraskuena, Darieta, Etxeluze, Etxetxiki, Felisarre, Garro, Intxaurrondo zaharra, Lindorena, Mirabarkera, Parada, Perratoki, Peruene, Portuzar, Txoko, Zardandegi, Zornotza.
1862
— Istripu larria gertatu zen Kaputxinoetan egiten ari ziren burdinbideko lanetan. Istripu honen ondorioz, harresia ez baina tunela egitea erabaki zen.
1864
— Antxo herria izango zenaren eremua, orduan “basatza zena”, Fermin Lasala, Duque de Mandas jaunari eman zion Erregearen Agindu batek, “lehortu eta baratzetarako prestatzekotan”.
— Norteko burdinbidea eraiki eta mustu zen. Hau dugu portuaren eta Antxo izango zenaren arteko lehen mozketa: basatzaren 115.000 m2 haiek lur lehorra errazago bihurtzeko behar duten dikea egina dago, “baratzetarako” erabiliko ez badira ere….
1870
— Molinaon M. Borderas y Cía petrolio biltegia ezarri zen. Petrolio eta metalolio finketa eta salerosketa.
1871
— Merkataritzako kaia eraiki zen lan eta bizileku bihurtzen hasitako basatza lehortuaren aurrean, trenbidearen beste aldean. “Antxoko mollea” esan izan zioten langileek. Zurezkoa zen, eta ikatza hartzen zuen gehienbat.
1880
— Jabe berriak petroliotegian: Mercader y Viuda de Londaiz. Ignacio Merkader armadorea ere bazen, bereak ziren Donostiako Mamelena atoiontzi ospetsuak. Gipuzkoako Merkataritza Ganberako lehendakaria izan zen 1886-1889 bitartean. Merkader abizena Altzako lehenetariko baserri batetik dator.
1883
— Hamarretxeta izeneko eraikinaren planoa aurkeztu zuen Clemente Osinaldek, basatzari kenduriko lurraldearen jabe bakarra zen Duque de Mandas-en Antxorako ordezkariak.
1886
— Clemente Osinaldek Antxoren aurreneko kaleak proposatu zituen.
1887
— Sociedad Musical Pasaitarra elkartea sortu zen, kontzertuak emateko.