Luzuriaga

Gure sakelako entziklopedia

AEG
Aterpe Egonkorrik Gabekoa, harat-honat ibiltzen den aldizkako biztanleria, eraikin abandonatuetan lo egin eta hala moduzko lanak egitetik bizi dena, ez beti legez kanpo. Esaterako, Luzuriagako azken magrebtarren taldeko zenbait lagun.

arkitektura
Molde eta bolumen desberdineko piezak erabilita irudiak sortzeko haur jolasa, logika garatuz. Esaterako, nola uztartu baliabideen eskasa eta sukarraren handia, nola eskuratu ezinezkoa dirudiena, non gorde aitortzea komeni ez zaigun hori, nola lotu lehentasuna eta egokiera.

asanblada
Aldez aurretik ezarritako gai zerrenda baten arabera antolatzen den bilera, gai berriak sortzeko eta hurrengo asanblada deitzeko, benetako azken fina: elkar ikusi, hitz egin, eztabaidatu, norberaren eta multzoaren etengabeko terapian aitzinatzeko. Esaterako, edozein asteartez, 19:00etan, Luzuriagako Laborategian.

auzolana
Herritarrek beren esku, lepo eta bizkar hartutako lana, autoantolatua, subentziorik gabekoa eta beti ere umore handiz egina, borondateak ordeztuko baitu aurrekontua. Esaterako, 2014ko maiatzak 24 egun zituela… Luzuriaga Eguna, bai, larunbat eder hura.

balioa
Eman dezagun eraikin batek balioa duela, balio artistikoa edo arkitektonikoa edo historikoa edo kulturala. Balio hori, ordea, hutsaren hurrengoa da eraikinaren jabearentzat, balioan baino prezioan nahi duelako neurtu: balio kontzeptua irentsi egiten du prezio kontzeptuak. Abusu honen kontra ezarri zen desjabetzea, balio soziala nagusituz prezioaren gain. Esaterako, ezin konta ahala adibide.

domotika
Wikipediaren arabera, kasu eman, etxebizitza adimendun bihurtzen duen tresneria da domotika. Adibidez, Gaztetxeak emandako generadorea, 89 dezibelioko zarata ateratzen duena, indarra eman behar dugun lekutik metroka eta metroka manga urrundua, mikrofono ziztrin baten erruz. Baldintzak eta baldintzak daude, eta tresneriarik sofistikatuenak ere ez lezake adimena bermatu. Izen grekoa izanagatik, definizio batzuk txapuza hutsa dira.

erreakzio kimikoa
Zenbat bihotzaldi, zenbat erredura, zenbat zalaparta albisteren bat heldutakoan —ona, txarra edo nolabaitekoa— edozein erakundetatik. Ez dugu adibiderik emango mugakide diren paradisuen arteko harreman diplomatikoak ez gaiztotzearren.

gaztetasuna
Burtsan kotizazio zekena hartzen duen lurraldea, eta hala ere aberatsa mineraletan: kezka, eskuzabaltasuna, egin nahi… eta egiten jakitea.

gero
Gure Axularrek XVII. mendean idatzi zuen liburu klasikoa, zeinean aztertzen baitira beti gerotik gerora, beti luzamendutan ibiltzeak dakartzan ondorio gaiztoak… Derrigorreko irakurketa daukagu LuzuriagaMartxanekook.

greba orokorra
Langileen borrokarako tresna, aski ezaguna Luzuriagan, zenbaitetan burgesiak erabilia ekonomia itotzearren eta hogei urte luzez Mailegu Ofizialeko Institutuak (ICO), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak lotsa handirik gabe praktikatua, Luzuriagako Bulegoen eraikinean jabe gisa zeuzkaten arduretan huts eginik.

hamaiketakoa
Pausaldi laburra, indar hartzeko ez ezik egindakoa komentatzeko, ideia eta lehentasun berriak sortuz. Esaterako, aspaldian zarratua zegoen ate hura jo eta botatzea: altxor bat zegoen barruan.

hiri basoa
Eraikinaren teilatuan jaiotzen dena, batez ere gainean daukan mendi ezponda garbi eduki behar lukeenak garbitzen ez badu. Ugaltze hori izugarri anizten da teilatuak eta ezpondak jabe bakarra dutenean. Esaterako, bakandu on bat eman zaion arren, Molinao bidean oraindik zutik dagoen pabiloi hori, eskuineko espaloian, Donostia udalerriz. Newyorktarrek uste dute hiri basoa beraiek asmatu dutela, baina donostiarrek aurrea hartu zieten aspaldi.

ilusioa
Zentzumenek eragindako iruzurra. Esaterako, ukimenak diosku pala etorkizuneko arma dela, ikusmenak diosku eraikina ederra dela, entzumenak diosku arraspak ateratzen duen soinua musika dela, besoek dioskute nekeak poza dakarrela, zakarrek dioskute nibela eta plaunkaia erabiliz kontzertu areto bat atondu genezakeela.

inozoa
Dena dakitenek ez bezala pentsatzen duena. Esaterako, antxotarrentzat Luzuriaga garrantzitsua izan litekeela uste duena. Are inozoagoa horrela izan dadin saiatzen bada.

Joantxoren gurdia
Joantxo Martinezek guztiok erabiltzeko oparitu zuen eskorga gotorra, garraiorako tresna bikaina hitzaldiak dauzkagunean Axular kafetegiak utzitako aulkiak Luzuriagaraino eramateko.

kimika
Ezagutzen ez genituen pertsonenganako sortzen den txera, estimua, begikotasuna. Esaterako, larunbat goizez edo asteazken arratsaldez gerta litezkeen kidetasun horiek guztiak.

laborategia
Kalitatea testatu eta teknika berriak saiatzen eta ikertzen diren lekua. Esaterako, axuleiuak nola garbitu gai kimikorik erabili gabe, milaka metro koadroren kraka eskuz nola kendu, haizea nola tronpatu, iritziak nola bateratu… Eta materiala nondik eskuratu gizarte materialista batean.

tabernak
Topo eta topa egiteko galtokiak, herriaren ezinbesteko atsegintegiak, LuzuriagaMartxan bezalako ekimenen konfiskazioak pairatzen dituztenak: Axular, Kamio, Leunda, Mimos, Miranda…

trafikoa
Ekai adiktiboekin mafiak burutzen dituen eraman-ekarriak osasunaren kaltez irabazi gaitzak egitearren. Ekai hauek lortu beharrez bizi diren biktimak izaten dira sarritan saltzaileak berak. Esaterako, Ertzantzak ondotxo dakiena non, nola, noiz eta nor.

zapina
Giza garunean biziki garatutako teknika, pentsatzeko astirik izan ez dezagun. Esaterako, noiz inauguratu behar duzue igerilekua? kontzertuetarako nahiago Donostia! ez ote hobe parking bat egitea? zertarako ari zarete, esker txarra besterik ez duzue jasoko!