2015-06-12
Josu Landak oholtza gainean bi pauso emanik aurrera egin eta —oholtza baitaukagu orain, Roman Egañak Papin poligonotik ekarritako plastikozko paleekin antolatutako modularra— ahotsa sendo, gora, dardararik gabe, entzuleon begietara begira «Hau al da egin behar dudana? Poemak idatzi?» bota duelarik, errezitatzailearen irudian testuen egilea, Mikel Antza bera etorri zaigula guri galdezka atzeman dugu: buruzagi baten azken komunikatua (oraingoz) entzulearen patxadaren aurka.
Deklarazioaren eta lekukotasunaren arteko testuok ernetasun batean eduki gaituzte, beheko autoen zaratak eta leiho lehertuen barrenako haizeak ezin izan dute eragotzi saio osoan lepotik helduta eduki gaituen hunkidura. Hiru ordu laurden trinko, neke gabe iraganak. Neke gabe? Konturatu gabe!
Txalo zaparrada luze batekin despeditu ditugu, eta bisik ez zeukatela esan behar izan digute bi aldiz, horixe zela dena. Dena, alegia, galdera deserosoak eta estalgarririk gabeko baieztapenak, kalitatezko lekukotasun bat gatazkaz ados egon edo ez. Eta, agian, ados ez egote horri bide ematen diona, iritzietatik haratago, Mikel Antzaren nitasuna izan liteke, poetak zuzenkeria politikoari egiten dion trufa kontzientea. Probokazio puntu horrek. Eta eskertzekoa da.
Mikel Antzak aurten publikatu duen Ametsak ere zain liburuko poemekin errezitaldi bat antolatu baitute Gotzon Barandiaranek (gitarra eta ahotsa), Itziar Castrillok (saxofoia) eta Josu Landak (ahotsa), Luzuriagako laborategira gomitatu genituen.
Gotzon Barandiaran
Ahotsaren zerbitzura, hondo gozo bat ezarri dio errezitaldiari gitarra klasikoarekin, noiz apal, noiz indartsu. Baina izan ditu bere soloak ere, irakurketaren azpimarra antzera. Marrantatu samarra etorri bada ere, lan efizaka egin du errepikapenak garden eta goraki kantatuz, errezitatuari abestiaren hegala emanez. Eta Josu Landarekin txandakatu denean ahotsean, seguru eta jestualitate landu eta kontrolatuaz aritu da. Bera baitzen fokotik hurbilena, pazientzia santuan pairatu du Alkartasuna dantza taldeak utzitako argiaren bortitza.
Itziar Castrillo
Urraduratik malenkoniara, ongi hautatutako pasarteetan baino ageri ez zela, metalak daukan eztitasuna eta garratza dastatu ahal izan dugu bere saxofoiarekin. Gitarrarekin ederto koordinatua, haren konplizitatea bilatuz, protagonismo berezia hartu du. Itziar Castrillok musika ikasketa klasikoak egin zituen baina jazzera egin du: Sutik ska rock taldea, Pans&Company, Aljazzeera funk-rock taldea, Free Ends jazz laukotea, The Traveling’s Brothers Big Band… Jonan Ordorikak esan zigun saxofoiak, agian, oihartzuna sor zezakeela gure aretoko habeetan, baina ez zen horrelakorik gertatu. Zeinen eder bete gaituzten Itziarren ñabardurek!
Josu Landa
Tinko, ahotsa goiti proiektatuz, atzartasuna ekarri du lehen unetik. Aurreneko zatia, Intro atalekoa, luzea izanik, ondoren zetorrenaren erakutsia izan da: paperari erreparatu gabe, besoak ia mugitzeke, aurpegian zentratu du keinua zenbait ahapalditan begiak itxirik eta isilaldi batzuetan ezpain ertza makurtuz. Indarra eta segurtasuna transmititu du une oroz, eta buruz ikasiak ekarri ditu poema guztiak. Ezin hobeki administratu ditu pausaldiak eta intonazioak. Haserre edo samur, ahotsak presentzia fisiko bat eduki du, egurra, burdina, kristal zikina, plastiko zartatua. Bakarrik jardun izan balu, performantzia bat egin duela esango genuke. Hirukotean jardun duenez, ikuskizun bat eskaini dutela esan genezake. Ikuskizun entzungarria, entzun beharreko ikuskizuna.
Errezitatuetan, maiz, lagungarrizko musika bat atxikitzen zaio ahotsari. Eta gertatzen ohi da musikak trabatu egiten duela ahotsa eta ahotsak trabatu egiten duela musika. Bestelako formula bat ekarri digute Gotzonek, Itziarrek eta Josuk. Musikak bere autonomia izan du eta, harrigarria gerta litekeen arren, areagotu egin du ahotsaren garrantzia.
Donibanetik, Donostiatik, Errenteriatik, Urruñatik eta Usurbildik ere etorri zaizkigu emanaldira. Hamar ale saldu ditugu Ametsak ere zain poema liburutik, eta beti bezala, borondatea osorik artistentzat dela jakinik, ikusleek utzi dute aski orbel pagatxo bana eman ahal izateko hiru artistei.
Bikaina izan da errezitaldia benetan, eta irteeran elkarri nolako poza eta hunkidura hartu dugun esan beharrez batu gara guztiok aldameneko Miranda tabernan, artistei esker ona emateko eskua tinkaturik.
«Lotsatua nago», esan du Eneko Lillyk. «Lehengo astekoa, gaurkoa… Guk ezin ditugu ekarri horrelako artistak zoko honetara, beste zerbait merezi dute».
Artistek irri egin dute. Zelako jendea!