— Gipuzkoako beste edozein herri bezalaxe agertu zuen Antxo Album Geografico Descriptivo del Pais Vascongado obra ospetsuak. Album hori Rafael Pikabeak egin zuen, El Pueblo Vasco egunkariko jabe eta zuzendariak.
Kronologia
1913
— Parrokia mailako eliza mustu zen Antxon. Alboetako aterpeak “euskaraz zimitorioa esaten zaio elizaren alboko estalpeari” merkatua egiteko erabili zituzten antxotarrek, eta baita zinema areto bezala ere. Haurrei pilotan eta igerian irakasten zien Felix Etxenikek, Osaba Felixek, filmeak ematen zituen astero zimitorioan.
1912
— Gaur egungo frontoia mustu zen.
— San Ignacio ontziak atako banda hartu zuen Filadelfiarantz, Molinaorako lehengaia ekartzeko.
— Galerna handiak Kantaurin eta Atlantikoan. Hondoratutzat eman zen San Ignacio petroliontzia, hamahiru laguneko eskifaiarekin. Pasaitarrak ziren bi: Jeronimo Puy (sanjuandarra), kapitaina, 33 urtekoa, donadoa, eta Lorenzo Martínez Zalakain (antxotarra), marinela, 30 urtekoa, donadoa.
— Gero horren ospetsua egingo zen Topoaren lehen saioa, probatakoa. Planoetan, gaur Antxo dena Molinao izenarekin ageri da, udal-barrutiaren izenak ez zuen indarrik hartu oraindik. Urte gutxi dira gure geltokiak Molinao zuela izena.
— Topo-ko lehen ibilaldia bidaiariekin.
1911
— Portuko zamaketarien greba.
1910
— Musical Pasaitarra de Pasajes Ancho izeneko musika banda sortu zen. Elkarte honetako lehendakaria Juan Valverde izan zen, La Voz de Guipuzcoa egunkari errepublikazaleko ordezkaria.
1909
— Antxok frontoia zeukala diote kronikariek.
— Parisko La Commune matxinadaren 38garren urteurrena zela-eta, lagunarteko batzarrerako deia egin zuten Antxoko errepublikazaleek.
— Antxoko alkate kargua hartu zuen Mariano Arrietak. Esan liteke orduan sortu zela Antxo udal erakunde moduan, San Juan eta San Pedrori lotua.
— Antxoko telefono zerbitzua hasi zen, Buenavistan.
1908
— Pasaiako Agrupacion Socialista eratu zen.
1906
— Antxoko errepublikazaleek lehen egoitza mustu zuten.
1904
— Arrasateko Pedro Viteri filantropoak bere izeneko eskolak eraiki zituen Hamarretxeta kalean, elizarekin eta alondigarekin triangelua osatuz. Eskola hauek erloju eder bat zeukaten fatxadan, Istilu eta Esnabide aldera begira.
1903
— Antxoko Centro Republicano elkarte politikoa sortu zen, oraindik egoitzarik gabe.
— Ugalde y Cía izeneko irin fabrika handia eraiki zen, 1.000 m2 baino zabalagoko orubean. Indar elektrikoa erabiltzen zuen, 20 eta 80 zaldiko motorrekin. Xehatze ahalmen handia zeukan, 30 tona 24 ordutan. Biltegian 100na kiloko 15.000 irin zaku eta y 20.000 gari zaku hartzen ahal zituen. Jasogailu automatikoak zeuzkan zamaketarako, eta bertarainoko burdinbidea.
— Hauteskunde mitina Centro Republicano-k antolatuta Cafe Naval-en (Blas de Lezo-ko 5 eta 7 zenbakietan).