«

»

PASAIKO KAIA

Argia, 1931-02-22

Indar berriturik ekin diote gure gizonak Pasaiko kaiaren alde. Gure txulorik aberatsena ikusita euki degu orainarte gipuzkoarrak. Orratik, asi dira esnatzen lo-zorrotik baten batzuek eta ez da gutxi. Oraingoan, zerbait ondo egin gabe ez da gelditu bear, ez dira geldituko Gipuzkoako gizonik jakintsuenak.
Aurreko igandean bildu ziren Pasai errian asmoak agiri ta asmoen ondoren Pasaiko kaiaren onerako erabakiak artzeko.
Itzaldi ederrik entzun ziran ortantxe.
Amaika egi erori ziran goxo-goxo gipuzkoarren belarrietara.
Ara, Pasaiko kaia ederrenetakoa bait da. Zabala! Urez ondo, baretsua. Zer eskatu gehiago?
Gipuzkoa ta Euskalerri guziko itsas-ontzientzat tokia badauka. Itxas asarraldietan, alkar jo ta autsitzeko beldurrik ez… Ori da itsas ontziak geienbat bear dutena, barreneko ur-ila. Eta Pasaiko kaia ixila ta baretsua da.
Gainera, itsasoa aberatsa da. Arraia, jaki ugari ta atsegina. Amaika euskaldun bizi dira arraiarekin.
Eta itsas-ontzi aundiak utziko liguken dirutza beren joan-etorrien bidez, ez da errealbiko bat.
Zer egin bear da orain? Estaduak bere kontu artu zuan Pasaiko kaia bere muturrean zabaldu ta sarrera egokitutzea. Miloi asko bear bait dira orretarako. Bainan gor daukagu estadua. Iturri ori agor dago euskaldunentzat.
Ez du ezer egin, ez egiten eta ez du aurrera ere ezer egingo.
Orregatik, beren bizkarrez ekin bear dute gipuzkoarrak. Len ere mokorka ibili izan gera euskaldunak. Eta besteentzat askotan, ori da negargarria.
Oraingoan, guretzat edo bestientzat izango da gure lan egitea?
¡Begira gero auzoko beia gizendu!
Guretzat baldin bada, aurrera! Bestela, egin dezatela berak eta gero gureganatzen alegin gaitean.
Inoiz edo bein zerbait merezi degu euskaldun gizagaxoak eta.

Egi