Luzuriaga

Joseba Tapiaren izarrak

2015-06-05

“Mila esker handi bat gure areto basatia kulturaz lantzera etortzeagatik” esan dio Eneko Lillyk artistari kontzertuaren aurkezpena egiten hasteko.
Basatia izaten jarraitzen baitu gure laborategiak.
Egindakoa hondatzeak, eremu zatien galtzeak, berreskuratzeak, itxaropenez hartu genituen albiste onak hutsean urtzeak… Horrelakoak izaten omen dira prozesuak: gora-beherak, makalaldiak, ilusioak… Nekea. Norabidea non eta zergatik okertu den. Autokritika apur bat.
Zenbat eurite, zenbat sargori azken ekitaldia egin genuela!
Eta aro berriari hasiera emateko, Joseba Tapia. Hura eta bera!
Joseba Tapia 1998an sortu zela abisatu digu Enekok hurrena. Eta berriro errepikatu du, oker ulerturik egon ez dadin: bakarkako lehen diskoa atera zuen urtean. Orduan bezala presentatu zaigu Joseba Tapia, sotil, apaindurarik gabe eta nortasun handiko, Tximela kapitainaren izarrak kantatzera.
Sotil, baina guztiz profesional.

Gure areto basatia kultur aretoa bihurtu da Joseba Tapiaren borondatez eta Jonan Ordirikaren lanaz: mikroa, ozengailuak, argiak… Hura ikusita, “Noizbait hau horrela egongo da beti!” gure artean batak besteari. Txoko ideala begi bistan. Ez genuen horrelakorik espero. Opari ederra izan da, merezi ez bezalakoa.
Eta kantatu, nola ordea?
Ahotsa garden eta tonua mende, ez du gauza berria. Harreman gozoa gitarrarekin. Disfrutatzen ari izan dela ezagun zuen gainera. Kantaera landua eta aberastua, ñabardura musikal askorekin, eztarriko eta gitarrako harietan. Txeloarena ahoa itxirik gitarraren soloetan. Hurbil-urrun efektuak mikrora, garratzaldiak eta leunaldiak markatuz.
Zirrara sortu dute Tximela kapitainaren letrek eta Joseba Tapiaren kantaerak.
Joserra Gartziak haren lehen diskoaz idatzia: “Melodiak, moldaerak, kantaerak, den-denak soildu ditu Joseba Tapiak, enfasia behar den lekuan jarriz: esan nahi denaren zerbitzura”. Eta handik hona irabazi duena.
Artista bere heldutasunean.
Talde eta kantari batzuk hobeak izaten dira diskoan zuzenean baino. Ez da hori Joseba Tapiaren kasua. Ibilbide luzea egin du oholtzaren gainean, eta plaza-gizona da. Baina kasu! Trikitixa festarako da, dantzarako, erromeriarako: ifi, afa, ufa eta irrintzi. Manera horrek ez du balio mezuak gitarra klasikoz bideratzeko. Hori ere lortu du Joseba Tapiak, ongi kontrolatua dauka jestualitatea, eta horrek, gezurra dirudien arren, indartu egin dio adierazteko ahala. Iraganik izan ez balu bezala, beti kantautore ibili izan balitz bezala. Baina zurrunkeriarik gabe, ahotsa ez ezik aurpegia ere emanez. Erakustaldia egin du.
Gogoz eta gogor txalotu dugu abesti guztietan.
Amaitu duelarik, kantu-forum labur bat egin dugu.
Denok buruan geneukan galdera egin dio Juan Olaldek: “Zertarako behar izan duzu atril hori hor?”.
Izan ere, atril bat eduki du Joseba Tapiak ondoan, batere paperik gabe.
Baduela bere zergatia, eta laster ikusiko dugula.
Beste galdera bati erantzuten ziola, “Nolako arraina Tapia hori! Atrila eduki du hor erakusteko ez daukala atrilaren beharrik!” aurreko aulkikoak bere lagunari.
Foruma amaiturik, Gabriel Aresti hil zela hogeita hamar urte betetzen direla gaur gogorarazi digu. Haren omenez eduki omen du atrila han. Atera du paper pare bat gitarraren zorrotik, paratu ditu atrilean eta bi kantu inedito eskaini dizkigu: Zorrotzako portuan aldarrika eta Nire aitaren etxea, zein baino zein ederragoak, sentimenduz eta fintasunez konposatuak eta halaxe abestuak.
Izugarria izan da.

* * *

Kableak bildu, ezer ahazten ote zuten bazterrak berriz miatu, aretoa gakotu, aulkiak biltegira jaitsi eta garagardo bana hartzera etorri zaizkigu Joseba Tapia eta  Jonan Ordorika trasteak furgonetan jaso ondoren. Hau eta beste, gure esker ona, haien irriño ironikoak. Aretoaren ozentasunaz egin diogu galde Ordorikari, guk ez baitugu oihartzunik sumatu. Horren beldur ginen, sabai faltsua hautsia zegoen hainbat puntutan eta osoro suntsitu genuen, zementu armatuko habetzarrak agerian utziz. Soinuak arrapunpa egin ote zuen haietan. Ezetz esan digu. Agian saxofoiren batek egingo lukeela apur bat mikrora hurbilduta, baina ahotsak eta gitarrak behintzat ez.

Gure areto basatia areto egokia dela esan digu Jonan Ordorikak, Mamia estudioko jaundajabeak, Joseba Tapiaren lanak grabatu eta editatu ez ezik Lou Reeden hamaika kantu euskaraz abiatu, itzuli, moldatu, grabatu eta ekoiztu dituen musikalariak: Lou Reed mila esker diskoan aurkituko dituzu Ruper Ordorika, Delirium Tremenseko Andoni, Txuma Murugarren, El Inquilino Comunistako Santi & Alvaro, Petti, Maddi Oihenart, Gorka Urbizu, Evaristo, Gari, Anari, Paco Loco… Fernando Saunders, Jane Scarpantoni eta Mike Rathke dituztela lagun, alegia, Lou Reeden taldekideen jatorrizko bertsioen gainean kantari. Subentziorik gabe. Publizitate handirik gabe. Harribitxia gure kulturan. Biba zuek eta (ez) beste batzuk!