Bigarren larunbata genuen, bigarren auzolana, 2014ko martxoak 8 egun zituela. Laborategirako eskaileretan gora gindoazen eta Manu Ledesmak “Ate hau…” komentatu zuen. Burdinazko ate bat, burdinazko markoari soldeatua, deskansiloan. Herdoiltzen hasia hala ere. Geroago, “Ate hori…”. Hurrengo larunbatean, martxoak 14, “Ate hau bota egin behar da, ikusi egin behar dugu zer dagoen hor. Ateak ez dira soldeatzen, horrek zer edo zer esan nahi du!”. Hamaiketako pausaldian, borra bat hartu eta atea botatzeari ekin zion.
Gaur, maiatzak 21, aspaldi Antxon bizi ez den Jose Luis Otaegik LuzuriagaMartxan ekimenean dabilen ezagun bat topatu du. Atzoko eta gaurko kontuak ibili dituzte ahotan biek eta Luzuriaga azaldu da, modako izena. “Ikusita ugazabak zer ari ziren egiten kronometroekin eta balioko pieza guztiekin, X eta biok erabaki genuen laborategiko ontzi guztiak jaso eta ezkutatu egin behar genituela nonbait”, komentatu du Otaegik. Eskaileretako deskansiloko almazen txikian gorde zituzten. “Eta inor ez sartzeko, soldeatu egin genuen atea”. Noizbait, agian, pieza haiek denak deskubrituko zituelakoan… arkeologoren batek. Memoria trasmititu nahi zuten, lanaren froga batzuk utzi nahi zituzten gerorako, han pertsonak aritu zirela lanean, laborategi batean.
Manu izan zen arkeologoa. Deika hasi zen urduri. Denok jaitsi ginen altxor hura ikustera, zurezko apalategi ustelduetan distiratsu: beirazko ehun pieza baino gehiago, hodi meheak, hodi boladunak, hodi kisketadunak, probeta gisakoak, pitxar bereziak, portzelanazko zilindroak… Denak kontu handiz jaso eta Luzuriagamartxeneko laguntzaide batzuen leku segurura eraman genituen. Han, bana-banan garbitzen hasiak gara, tarteka.
Guk uste genuen eraikina birgaitzen ari ginela. Orain ikasi dugu zientzia sozial batean ere abiatuak garela: piezak garbitutakoan, laborategian lan egin zuten herritarrekin bildu eta sailkatu egingo ditugu, bakoitzaren izena eta funtzioa fitxatuz, objektuetatik homo faber luzuriagatarrera egin ahal izateko.
Jose Luis Otaegi hunkitu egin zen gure deskubrimenduaren berri izan zuenean.
Suntsipenaren aurkako bataila bat irabazi du laborategiko langile xumeak.
Eta, bidenabar, Luzuriaga leku erabilgarria ez ezik aztarnategia ere badela erakutsi digu.