Txirrita, 1919
Mila bederatziehun konplitu eta hemeretzigarren urtean
huelga baten bidez okertu gera Antxoko partean.
Buruzagia balitz bezela oiartzuarren tartean,
guri bengantzan hasi zerate oso gorroto fuertean.
Beti gogoan izango degu bizirik geran artean.
Txirrita bertso-jartzaile profesionala zen, enkargu asko egiten zizkioten. Horrelakoetan, kantatu behar zuenaren protagonisten artean sartzen zuen bere burua. Azken bertsoan argituko du nork enkargatu zizkion bertsoak.
Lehen bertso honetan azaltzen duenez, patronalak uste zuen estibadore edo zamaketari oiartzuarren artean zegoela grebaren buruzagitza, eta greba amaitu zenean, ez zuten oiartzuarrik hartu nahi izan berriro lanean.
Bertso berriak jartzera noa, nahi dituanak ikasi,
asunto hori ondratu gabe ezin nezake nik utzi:
oiartzuarrak Antxo aldean ez gaituzte nahi ikusi,
txori batzuak joan diralako kaiolatikan ihesi
langileari burla eginaz alferrak daude nagusi.
Metaforaz edo alegiaz mintzo zaigu Txirrita “txori batzuak joan diralako kaiolatikan ihesi” dioenean: greba antolatzen ibili zirenen izenak eman zituztela txibatoek esan nahiko du segur aski.
Huelga hortan eskatu ziran lau kondizio berriak,
baina ez ziran horko maisuak Oiartzundik etorriak.
Iduritzen zat ote gauden gu libru berdean jarriak,
lehenago alde genituanak kontra ditugu erdiak,
artzai gaiztuak diran tokian pagatutzen du ardiak.
Hemen ere txibato sistemen salaketa ageri zaigu. Liburu berdean jarria egoteak nahastaile edo ezkerreko bezala apuntatua egoteak esan nahi du, eta langileen arteko zatiketa aitortzen du garbiki laugarren lerroan. Greba egindako batzuek greba antolatu zutenen izenak ematen ibili ziren.
Portu hartako kontratista bat, gizona balientea,
Goiarritikan etorria da, euskaldun korrientea,
urte batzuak baditu baina gorputza dauka tentea…
Oiartzuarrak badadukagu horrentzat borondatea,
San Estebanez festa da eta nahiko genduke joatea.
Azken bi lerroak ironiaz beteak daude, kontratista hori Oiartzunen harrapatuko balute…
Oiartzuarrek ez diote egin jaun horri ustez gaitzikan,
Zentroak esan digun legera errenditzea baizikan.
Beraren kontra ez degu esan tokatzen ez dan hitzikan,
pasa diranak esplikatzeko ez dadukagu lotsikan.
Begiak balak baldin balitu tirako luke pozikan.
Zentroak esandakoa ari dira egiten langileak, sindikatuak alegia. Posible da Antxoko Centro Republicano-ren egoitza izatea Txirritarentzat grebaren buruzagitza politikoaren irudia.
Mualla hortako kapataz batek propina asko hartzen du,
berari zerbait eman ezkero lanean azkar sartzen du.
Neronek ez det ikusi baina jendea frankok esan du
erregaliak izugarriak nola dituen izandu:
badauka zeinek gobernatua nahi baldin badu gizendu.
Jendea kontratatzen aritzen zirenak sobornozale samarrak izaki, nonbait.
Inbusteroak ez izatea degu guretzat kaltean,
gizona zail da ezagututzen pruebak ikusi artean.
“Tori oiloa!” esanaz joan zan aurreko egun batean,
“Ardo-puska bat ez da faltako horren izterrak jatean”.
Lana agudo agindu zion sartu zanean atean.
Inoiz suertez jartzen bazaizkit gizon horiek aurrean,
alde hartara begiratzen det triste ta gogo txarrean,
zenbat nahigabe sufritzen degun bizi geranak lurrean!
Ardi gaiztuak pagotxa jaten, onak goseak larrean,
gauza hori bera pasa zitzaigun Karlosen gerra zaharrean.
Leku askotan ikasi dute Antxoko jornalen berri,
‘ta berak ere adierazten hor dabiltza herriz herri;
Irundik eta Hondarrabitik jende asko da etorri,
beste batzuak abisatuta Goiarritikan ekarri.
Hemen dagona ez da besterik: bengatu nahia elkarri.
Eskirolak ekarri zituzten, beraz, greba apurtzeko.
Zelebrea da gizon batzuek egin duten ajustia,
lantegi horren segurantzia ez dute gutxi kostia;
gero ‘re hoiek ez da komeni edozein modu uztia,
oiloarekin etorri zan bat, solomoakin bestia…
Nik ere pozik jango nituzke, jenero txarrak ez di’a.
Nola presari eragin eta pasatzen dan ugaldia,
hala berean kanpotarrekin bete da Antxo aldia,
gu lanik gabe honla uzteko hoiek zeukaten zalia!
Hau da batere hasarre gabe egiten degun galdia:
oiartzuarrak besteak baino eskasagoak al di’a?
Miseriarik ez dadukagu edanean ‘ta janean,
gure gorputzak hargatik daude honen estadu onean;
estimatuak izaten ginan besterikan ez zanean,
orduan baino eskasagoak orain ez gaude lanean…
Edozein burla egiten dute komenentzia danean.
Usteko zuen horren kontuak ez ditugula jakindu,
besteak baino aldrebesago hutsa ikusi bagindu.
Gure koadrila haserre dago, askok bihotzean min du:
zaharrak etxean geldi daudela besteri lana agindu,
Pasai San Juango oilo-jaleak azio txarra egin du.
Alegia, lana “besteak baino aldrebesago” egin izan balute konformatuko ziren berriro lanean ez hartzearekin… “Pasai San Juango oilo-zalea”, noski, kapataz sobornozaleetako bat zen.
Altza gaineko beste gizon bat dabil Antxo inguruan,
gu bajatzea beste gauzarik ez dabilkina buruan,
eskirolekin unitu eta altueneko graduan.
Gizonez gizon jarri zaitezte oiartzuarren onduan,
zein dan langile balientea ikusiko da orduan.
Txirritak alferraren fama jaso izan du, baina bazeukan bertsolari askok ez bezalako langile-kontzientzia. Leku askotan ibilia zen, miseria asko ikusia eta jende askorekin hitz egina. Berak erabili zuen lehen aldiz “eskirol” hitza bertsotan.
Horren idea zer izango zan agudo nion igarri,
bere galoiak gora altxatzen enpeinatua da larri.
Atzo gizon bi hizketan zeuden, atenditutzen naiz jarri,
sujeto horrek zer egin duan esan zioten elkarri:
“Biba euskera! nahiz oihu egin, kastillanoak ekarri”.
Formula ezin dialektikoagoan bildu zuen Txirritak euskuinaren euskaltasunaren muga bertso honen azken lerroan.
Oraingo hontan izandu dira asunto izugarriak,
baina gugatik ez du merezi desonratzea herriak.
Gustu duanak ikasi bitza hamasei bertso berriak,
muallan lanik ez zeukan eta Trajinos Beltzak jarriak.
Aditu nahi ez duanik bada, itxi bitza belarriak.
Trajinos Beltza oiartzuarra zen, Ergoien auzokoa, Antxoko “moallan” lan egin izana. Txirritak haren izena hartu zuen heteronimo gisa: grebalariekin bat egiteko modu dotorea.