Kronologia

1761

– Pasaiako portuaren planoa argitaratu zen Donostian: bertan ageri da “Ancho” izeneko baserria, Berratik behera datorren bide baten buruan, itsaso bazterrean. Gutxi gora behera, gaur Avanzado edo Koadrantea esaten zaion kaiaren parean zegoen.

1859

– Altzan barrena burdinbideak behar zituen lurren desjabetza hasi zen. Hona kaltetutako baserriak: Algarbe, Altuena, Antxo, Arraskuena, Darieta, Etxeluze, Etxetxiki, Felisarre, Garro, Intxaurrondo zaharra, Lindorena, Mirabarkera, Parada, Perratoki, Peruene, Portuzar, Txoko, Zardandegi, Zornotza.

1862

– Istripu larria gertatu zen Kaputxinoetan egiten ari ziren burdinbideko lanetan. Istripu honen ondorioz, harresia ez baina tunela egitea erabaki zen.

1864

uztailak 30

– Antxo herria izango zenaren eremua, orduan “basatza zena”, Fermin Lasala, Duque de Mandas jaunari eman zion Erregearen Agindu batek, “lehortu eta baratzetarako prestatzekotan”.

abuztuak 15

– Norteko burdinbidea eraiki eta mustu zen. Hau dugu portuaren eta Antxo izango zenaren arteko lehen mozketa: basatzaren 115.000 m2 haiek lur lehorra errazago bihurtzeko behar duten dikea egina dago, “baratzetarako” erabiliko ez badira ere….

1870

– Molinaon M. Borderas y Cía petrolio biltegia ezarri zen. Petrolio eta metalolio finketa eta salerosketa.

1871

– Merkataritzako kaia eraiki zen lan eta bizileku bihurtzen hasitako basatza lehortuaren aurrean, trenbidearen beste aldean. “Antxoko mollea” esan izan zioten langileek. Zurezkoa zen, eta ikatza hartzen zuen gehienbat.

1880

– Jabe berriak petroliotegian: Mercader y Viuda de Londaiz. Ignacio Merkader armadorea ere bazen, bereak ziren Donostiako Mamelena atoiontzi ospetsuak. Gipuzkoako Merkataritza Ganberako lehendakaria izan zen 1886-1889 bitartean. Merkader abizena Altzako lehenetariko baserri batetik dator.

1883

urriak 31

– Hamarretxeta izeneko eraikinaren planoa aurkeztu zuen Clemente Osinaldek, basatzari kenduriko lurraldearen jabe bakarra zen Duque de Mandas-en Antxorako ordezkariak.

1886

abenduak 17

– Clemente Osinaldek Antxoren aurreneko kaleak proposatu zituen.

1887

– Sociedad Musical Pasaitarra elkartea sortu zen, kontzertuak emateko.

1888

– Lasarteko Fossey lantegiak Fundiciones Molinao izeneko industria sortu zuen. Galdarak, turbinak eta era guztietako lanabesak. Fermin Lasala, Duque de Mandas zen akzionista nagusietako bat.

maiatzak 16

– Leherketa eta sute handia Molinaoko petroliotegian. Balentin izeneko langile bat hil zen, eta erredura larriak hartu zituen Sebastian Elizaldek.

uztailak 27

– Antxoraino luzatu zuen Donostiako tranbia konpainiak zerbitzua, Ategorrietatik. Abere indarrak zerabilen.

1889

uztailak 21

– Antxoko estankoa zeraman Manuela Antia, Agirreren alarguna, hil zuen bere dendan bertan Basilio Vallejok, labanaz. Elkarrekin bizi izan ziren lehenago.

1890

– Janarietarako lurrinak eta gai enologikoak dakartza Antxora Laffort y Cía konpainiak.

martxoak 18

– Manuela Antia Antxoko dendariaren hiltzailea epaitu zuten Donostian.

apirilak 2

– Tranbia Antxotik Molinaoraino luzatu zen.

apirilak 25

– Ekaitz gogorra Bizkaiko Golkoan: San Juango bost arrantzale galdu ziren.

maiatzak 1

– Maiatzaren Lehena ospatu zuten aurreneko aldiz mundu osoko langileek. Osteguna zen, eta Espainiako gobernuak baimendu egin zuen lan uztea. Aldarrikapen nagusia zortzi orduko lan-eguna lortzea izan zen.

ekainak 21

– Administrazio Auzietarako Tribunalaren epaia, erabakiz Donostiak beretzat nahi zuen Antxo sortzeko itsasoari kendutako lur eremua Pasaiarena dela: Antxokoak pasaitarrak dira.

uztailak 13

– Tranbiak adar berri bat osatu zuen, Molinaotik Errenteriara.

irailak 20

– Berrehun bat antxotar bildu ziren udal autonomiaz hitz egiteko: joera nagusia Antxo independente izatearen aldekoa da. Batzorde bat izendatu zen helburu horretan saiatzeko: Mariano Sanchez, Antonio Etxebarria, Antonio Maleprade, N. Lapazaran, Federico Sanchez, Ramon Arzelus eta Juan Valverde.

1891

– Emilio Arnaiz-ek botika zabaldu zuen.
– Txinel edo aguazil taldea sortu zen.

– Diputazioak administratzaile bat izendatu zuen Antxorako, Jacinto Zala.
– Asko urritu ziren Bretainia Handitik egindako ikatz inportazioak: lan eskasia portuan.

1892

– Lehen eskola publikoa, Hamarretxetan. Bonbin jauna zen maisua.

1893

– Donostiako Union Artesana-rekin batera Gipuzkoan zaharrena den La Armonía batasuna sortu zen, langileen eta herritarren elkar laguntzarako.

azaroak 22

– Bere aurreneko petrolio zama ekarri zuen San Ignacio de Loyola bergantin goletak. Ignacio Merkaderek eginarazi zuen Eskozian, eta petrolioa garraiatu zuen lehen oihalontzia izan zen estatu espainiarrean.

1896

ekainak 21

– Elizaren lehen harria ezarri zen, arrandiro: Fermin Lasala duke jauna etorri zen, gobernadore zibila ere bai, musika banda ekarri zuten… Lanak aski aurreratuak zeudela lur jo zuen eraikinak, “oinarri txarra” zeukalako. Eliza egiteko lurra doan utzi zuen Fermin Lasalaren esker onez aukeratu zuten eliztarrek San Fermin patroitzat.

1897

otsailak 1

– San Ignacio de Loyola bergantinaren galdara bat lehertu egin zen, ontzia okertuz eta Antxoko kaiaren aurrean, geltokiaren parean, hondoratuz. Eztandak izua sortu zuen.

apirilak 18

– Azalera ekarri zuten ostera San Ignacio de Loyola ontzia Bilboko Alejandro Sagarraren enpresako marinel trebeek.

abuztuak 22

– Indar elektrikoz hasi zen Ategorrieta-Antxo tranbiaren adarra. Aurrenekoa izan zen.

irailak 10

– Sute handia sortu zen Dougier-en biltegian.

abenduak 11

– Arratsaldeko lau t’erdietan, ilun zegoela, Periko Aizpurua, 12 urtekoa, ikatzez betea zetorren 1000 zenbakia zuen merkantzia trenera igo zen, bagoien goialderaino, Buenavistako maldan makina motelago zihoala baliatuz, eta handik ahal izan zuen ikatz kozkor gehiena bota zuen trenbide bazterrera…

1898

urtarrilak 26

– Pedro Mari Otaño bertsolaria, askok poetatzat ere zeukatena, Buenos Aires-erako ontziratu zen Antxoko kaian. Jendetza izugarria bildu zen despeditzeko.

otsailak 7

– Eskola berria mustu zen, ehun ikasle hartzeko adina handia eta irakasleentzako etxebizitza zeukana bigarren solairuan. Orubea trenbideko geltokiaren aurrez aurre zegoen, eta Fermin Lasalak eman zuen, oinarriak ere ordaindurik. Errenteriako txistulari bandak alaitu zuen, baina Santos Uranga txistulari antxotar handiaren laguntzarekin.

maiatzak 13

– Elizak funtzio bereziak antolatu zituen Jainkoaren laguntza lortzearren Kubako independentziazaleen aurka.

uztailak 10

– Erromeria handia San Ferminez. Donostiar asko azaldu ziren Antxora, trenez. San Juango bandak eta Antxoko txistulariek jo zuten. Kronikek diotenez, “bertaratutako jendea “ugari eta aukerakoa” pozik hartu zituen doinu bikain haiek, nekatu gabe eta amorez dantzatuz”.

1901

– Zergak kobratzeko alondiga ezarri zen Antxon: Silverio Kinter izan zen lehen kobratzailea.
– Juan Astigarrabia jaio zen, Pasaiako langile mugimenduaren liderra, Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusia, Herri Lan Zaingoko (1936-1946) kontseilaria Jose Antonio Agirreren gobernuan eta Euskadiko Ezkerrako militante eta parlamentari autonomikoa atzerritik itzuli ondoren, 1980an. Altuna-Enea etxean bizi izan zen, Eskalantegi kalean, Goiherri taberna ondoan.
– Antzerki taldea ere eduki zuen La Union Artesana musika elkartea sortu zen.
– Beste musika talde bat eratu zen, Asociacion de Banda de Musica y Orfeon de Ancho, 35 musikarirekin.

1902

– Sacré Coeur izeneko moja frantsesek eskola zabaldu zuten gaur Goiherri taberna dagoen etxean.
– Eliza antolatu zuten Lasagabaster-ek botika zeukan etxeko behean. Altzakoaren agindupean zegoen.

1903

– Antxoko Centro Republicano elkarte politikoa sortu zen, oraindik egoitzarik gabe.
– Ugalde y Cía izeneko irin fabrika handia eraiki zen, 1.000 m2 baino zabalagoko orubean. Indar elektrikoa erabiltzen zuen, 20 eta 80 zaldiko motorrekin. Xehatze ahalmen handia zeukan, 30 tona 24 ordutan. Biltegian 100na kiloko 15.000 irin zaku eta y 20.000 gari zaku hartzen ahal zituen. Jasogailu automatikoak zeuzkan zamaketarako, eta bertarainoko burdinbidea.

apirilak 19

– Hauteskunde mitina Centro Republicano-k antolatuta Cafe Naval-en (Blas de Lezo-ko 5 eta 7 zenbakietan).

1904

– Arrasateko Pedro Viteri filantropoak bere izeneko eskolak eraiki zituen Hamarretxeta kalean, elizarekin eta alondigarekin triangelua osatuz. Eskola hauek erloju eder bat zeukaten fatxadan, Istilu eta Esnabide aldera begira.

1906

– Antxoko errepublikazaleek lehen egoitza mustu zuten.

1908

– Pasaiako Agrupacion Socialista eratu zen.

1909

– Antxok frontoia zeukala diote kronikariek.

martxoak 18

– Parisko La Commune matxinadaren 38garren urteurrena zela-eta, lagunarteko batzarrerako deia egin zuten Antxoko errepublikazaleek.

uztailak 1

– Antxoko alkate kargua hartu zuen Mariano Arrietak. Esan liteke orduan sortu zela Antxo udal erakunde moduan, San Juan eta San Pedrori lotua.

azaroa

– Antxoko telefono zerbitzua hasi zen, Buenavistan.

1910

– Musical Pasaitarra de Pasajes Ancho izeneko musika banda sortu zen. Elkarte honetako lehendakaria Juan Valverde izan zen, La Voz de Guipuzcoa egunkari errepublikazaleko ordezkaria.

1911

– Portuko zamaketarien greba.

1912

– Gaur egungo frontoia mustu zen.

urtarrilak 20

– San Ignacio ontziak atako banda hartu zuen Filadelfiarantz, Molinaorako lehengaia ekartzeko.

abuztuak 10

– Galerna handiak Kantaurin eta Atlantikoan. Hondoratutzat eman zen San Ignacio petroliontzia, hamahiru laguneko eskifaiarekin. Pasaitarrak ziren bi: Jeronimo Puy (sanjuandarra), kapitaina, 33 urtekoa, donadoa, eta Lorenzo Martínez Zalakain (antxotarra), marinela, 30 urtekoa, donadoa.

abenduak 5

– Gero horren ospetsua egingo zen Topoaren lehen saioa, probatakoa. Planoetan, gaur Antxo dena Molinao izenarekin ageri da, udal-barrutiaren izenak ez zuen indarrik hartu oraindik. Urte gutxi dira gure geltokiak Molinao zuela izena.

abenduak 14

– Topo-ko lehen ibilaldia bidaiariekin.

1913

urtarrilak 12

– Parrokia mailako eliza mustu zen Antxon. Alboetako aterpeak “euskaraz zimitorioa esaten zaio elizaren alboko estalpeari” merkatua egiteko erabili zituzten antxotarrek, eta baita zinema areto bezala ere. Haurrei pilotan eta igerian irakasten zien Felix Etxenikek, Osaba Felixek, filmeak ematen zituen astero zimitorioan.

1915

– Gipuzkoako beste edozein herri bezalaxe agertu zuen Antxo Album Geografico Descriptivo del Pais Vascongado obra ospetsuak. Album hori Rafael Pikabeak egin zuen, El Pueblo Vasco egunkariko jabe eta zuzendariak.

1916

uztailak 12

– Burbindideko Langileen Sindikatuak greba deitu zuen Nortekoaren zuzendaritzaren aurka lan eta osasun hobekuntzak eskatuz, baina batez ere langileak ordezkatzeko eta haien izenean negoziatzeko ahalmena aitor ziezaioten. Madrilen hasi zen eta berehala hedatu zen Iruneraino. Zerbitzuak militarizatu egin ziren. Prentsaren arabera, Pasaian ez zuen laginle bakar batek ere grebarik egin.

uztailak 13

– Lege-garantiak bertan behera utzi zituen gobernuak, eta aldez aurreko zentsura ezarri zuen prentsaren gainean. Gobernadore militarrak hartu zuen probintziaren buruzagitza politikoa. Piketeen aurka jardun zuten soldaduek.

uztailak 14

– Prentsak aitortu egin behar izan zuen greba handituz zihoala: “Grebalari kopuruak gora egin zuen atzo. Datu ofizialek diotenez, Errenterian 6 langile gehiagok jo zuten grebara, Pasaian beste 13 gehiagok …” Buruzagi sindikal asko atxilotu zituzten.

uztailak 15

– Lege militarra edo gerra egoera ezarri zen goizeko zortzietan: gobernadore militarrak bandoa irakurri zuen Donostiako Urbieta kalean, Regimiento Siciliako soldaduen erdian.

uztailak 16

– Debekatu egin zitzaion prentsari grebari buruzko albisterik ematea.

uztailak 20

– Gobernuak hitzarmena sinatu zuen grebalariekin.

uztailak 21

– Gerra egoera altxa egin zen, baina indarrean jarraitu zuen Asturiasen.

abendua

– Greba orokorra, UGT-ek eta CNT-ek deitua bizimodua garestitzearen aurka. Erabatekoa izan zen Antxon.

1917

– Greba ugari.

1918

– Antxotarren lehen trainerua Kontxako Banderan: Aingira eman zioten izena, traineru batek euskaraz izan zuen aurreneko izen laikoa. San Juanek eta San Pedrok ez zuten trainerurik atera urte hartan. Pasaitarrok ez ginen oso txukun geratu: Aingira azkena izan zen bere txandan, eta baita sailkapen nagusian ere.
– Javier Luzuriagak hartu zuen Fundiciones Molinao enpresa, eta hona ekarri zituen Ategorrietan eta Tolosan zeuzkan lantegiak.

– Portuko zamaketarien greba.
– Gipuzkoako Sindicato Obrero Metalurgico izenekoa sortu zen, UGT-i lotua, Arrasaten, Donostian, Errenterian, Hernanin, Pasaian, Zumarragan eta Zumaian.

1919

– Zamaketarien greba berriro: Txirritak bertso-paper ospetsua atera zuen honetaz, Antxoko Bermejillo y Cia moldiztegian.

– Gurera dator Marie Brizard lantegia, XIX. mendetik bertan zegoen Benedictine-renaren ondora.

1920

abuztuak 19

– Antxoko kaian ontziratzen hasi ziren Melillako gerrarako tropak.

1921

– Kanpaleku militarrak burdinbideko konpainiaren kaietan: gero eta soldadu gehiago behar zituzten Afrikan, Abd el Krim-en abertzaleek Espainiako tropetan egindako sarraskien ondoren (Annual eta Monte Arruit izeneko hondamenak). Mobilizatutako antxotarren artean egon ziren Domingo Loinaz eta Migel Garcia (Regimiento Sicilia nº 7).
– Antxoko parrokiara destinatu zuten D. Gelasio Aranburu, antxotarrak abesbatza musikaren mailarik gorenera jasoko zituen apaiza.

martxoak 6

– Beti Antxoko kaian atrakatzen zuen Wieldrecht, petroliontzi holandarrean gertatutako istripuak sekulako sutea sortu zuen badian.

iraila

– Antxoren bigarren trainerua Kontxako Banderan, oraingoan ere izen laiko eta politarekin: Pasayako Lagun Ederrak. Azkenak iritsi ziren zoritxarreko matxura bat tarteko.

1922

– Eibar, Donostia, Errenteria Hernani, Irun eta Pasaiako afiliatuek Gipuzkoako komunisten federakuntza sortu zuten.
– Jendea kexu zen errepidean autoek zekarten abiadarekin. Kronikariek diotenez, urte batzuk lehenago antxotarrek harrika ematen zieten autoei.

uztailak 31

– Sute gaitza errekan (petrolioa), etxeak arriskuan jarriz. Antxotarrek, izuturik, Altza aldera egin zuten ihes.

1923
apirila

– Ontziraleku berria Antxon, Donibanerako.

azaroak 30

– Donostiako alkateak, Antonio Vega de Seoanek, mozio bat aurkeztu zuen (“oso interesgarria”, Donostiako prentsaren esanetan) orduan independentea zen Altzaren eta Antxoren anexioaz.
– Pasayako Lagun Ederrak kirol elkartea sortu zen, Español Pasaitarra futbol taldetik bananduta.

1924
7 de julio

– Pasayako Lagun Ederrak elkarteak bandera bedeinkatu zuen, eta kaleetan barrena desfilatu zuen, gurdi apaindu batekin eta jantzi nabarmenekin.

– Antxo agertu zen aurrenekoz zentsu batean: 2.133 biztanle (uste izatekoa da ez zirela kopuru honetan sartuko Eskalantegi-Altza, Lorete eta Molinaoko bizilagunak).
– D. Gelasio Aranburu apaizak Schola Cantorum abesbatza sortu zuen.

– Principe Films banaketa etxearen ordezkaria zen Mauricio Damborenea y Cía konpainiak kudeatuta, Cine Moderno aretoa mustu zen Hamarretxeta kalean.

1925

martxoak 1

– Posta zerbitzua ezarri zen Madalena kalean (Blas de Lezo). Ordua arte kaian egona zen, Etxe Haundia esaten zitzaion hartan, Buenavistako eskaileretatik hurbil. Han zegoen telegrafo zerbitzua ere Buenavistara aldatu zen urte honetan.

ekaina

– Revista Gráfica de Pasajes aldizkariaren lehen alea argitaratu zen. Urtero azaldu zen, eta datu interesgarriak utzi dizkigu Antxori buruz.

abuztuak 8

– Aurreko urtean kontzertuak ematen hasia zen Sociedad Musical Pasaitarra eratu zen ofizialki.

1926

– Txapela fabrika, Usoz y Cía.

maiatzak 15

– Ikusmin handia Zaragozan Espainiako B mailako ostikoketa edo futbol txapelketaren finala ikusteko, Pasayako Lagun Ederrak eta Badalona taldeen artean.

maiatzak 16

– Badalonakoek eta Pasayako Lagun Ederrek berdindu egin zuten luzapenean ere.

maiatzak 18

– Antxoko Pasayako Lagun Ederrak taldea Espainiako Txapelduna ostikoketan.

1927

– Antxoko udal musika banda sortu zen.
– Estatua jabetu zen Diputazioak oso nolabait eta inbertsio eskasez kudeatzen zuen portuaz. Hainbat antxotar kontratatuko zituen Junta de Obras sortu zen orduan, kaiak eta tresneria hobetzeko eta berritzeko.

1928
urtarrilak 1

– Petrolioaren monopolio legea: Campsa-k hartzen du (Compañia Arrendataria del Monopolio de Petroleos S. A.) Molinaoko biltegia.

otsailak 13

– Javier Luzuriaga hil zen, eta bere seme Victoriok hartu zuen lantegiaren zuzendaritza.

1929

– Zumardia, kioskoa eta merkatua eraiki ziren.

1930

– Zentsuaren arabera, 2.579 biztanle zeuzkan Antxok.
– Kola eta margo fabrika ospetsu bat heldu zen, Beissier.

uztailak 7

– Organo eta dorre berria elizan.

1931

– Desadostasun larriak Antxoko UGT barruan.
– Greba eta manifestaldi handiak Trintxerpen: 7 arrantzale tiroka hilik. Esteban Goñi, Gregorio Acedo eta Manuel Prieto antxotarrak atxilotu zituzten, Luzuriaga geldiarazteko piketea osatzen zutelakoan.
– Saio berezia Cine Moderno-n, greban ziren arrantzaleen familiei laguntza biltzeko.
– Centro Republicano-ak egoitza berria hartu zuen Zumalakarregiko 11garrenean, 166 afiliaturekin. Eragileen artean Amiama, Gal, Rubio eta Moranchel ageri ziren.

– Batzokia mustu zuten abertzaleek egun Nafarroako Etorbidea den 20.nean.

– Udal hauteskundeak apirilaren 12an: sozialista-errepublikazaleek eta ANV-EAEko abertzaleek, elkar hartuta, garaipen handia lortu zuen katoliko-erregezaleen aurretik Antxon:

Genaro Gal (CRS-ANV) 230 boto
Ignacio Uria (CRS-ANV) 227 boto
Adrian Salaberria (CM) 202 boto
Luis Obeso (CRS-ANV) 179 boto
Pedro Lapazaran (CM) 165 boto

apirilak 14

– Errepublika aldarrikatu zen Hamarretxetan: Pedro Rubiok Errepublikako bandera ipini zuen etxeko balkoian, hari Antonio Puertolas inprimatzailea batu zitzaion (Bermejillorenean egiten zuen lana), eta goraka eta bibaka jarduten zuten balkoitik. Antonio Puertolas frontean hilzen, Barazarren, 1937ko apirilaren 4ean. Sozialista zen, Tomas Meabe konpainian enrolatua.

irailak 12

– Krisia Sociedad Musical Pasaitarra elkartean, gerora zuzendaria izango zen Felix Betetak eragina. Dirudienez, “ez litzateke bazterrean uztekoa” elkartean gertatutako zatiketak oinarri politikoa edukitzea.

uztailak 19

– Lore Txorta elkartea sortu zen, Pasaiako Lagun Ederrak desegindakoaren jarraipen moduan. Topoko arkupeen ondoan eduki zuen aurreneko egoitza. Garai hartan San Sebastian izena zeukan Zumalakarregi kalera aldatu ziren gero.

urriak 19

– Txirritak bertsoak jarri zizkion Antxoko Euskal Jaia-ri, karroza bat irauli eta sortu zen zalaparta oinarri hartuta. Bertso hauetan Mutua aipatzen da, Jose Larramendi, udaleko langile prestua, azkoitiarra jaiotzez eta hamarretxetatarra bizitzez.

azaroak 9

– Euzko Langile Alkartasuna-ren arrantzale saila sortu zen Antxon (itsaso eta deribatuak), Pasaia osoko 60 afiliaturekin. Bost urte geroago 560 afiliatu eduki zituen.

1932

urtarrilak 27

– Hiru Pasaietako Emakume Abertzale Batzak hitzaldian antolatu zituen Antxon. Tomas Garbizu lezotarra, Tege, gerora musikalari ospetsua izango zena, eta Irazusta tolosarra. Hau gaztelaniaz ari zen, eta gobernuko ordezkari bat sartu zen, eta ondoan jarri zitzaion mahaian, bere agiriak erakutsi ondoren. Orduan Irazusta euskaraz hasi zen, eta ordezkariak alde egin zuen. Ez dakigu euskaraz jarraitu zuen ala gaztelaniara itzuli zen ostera. Jostailu banaketa egon zen ELAko afiliatuen seme-alabentzat.

irailak 25

– Omenaldia egin zioten Gelasio Aranburu apaiz musikariari.

1933

martxoak 19

– Txanton Piperri opera ospetsua eman zen Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Orfeon Donostiarra-rekin. Abesbatza honekin kantatu zuten opera hau Kortajarena, Ezeiza eta Arregi antxotarrek, haurrak zirela Gelasio Aranburu apaizak musikaratuta.

maiatzak 10

– CNT-ek greba deitu zuen estatu osoan. Goizaldean Donostia, Tolosa, Irun, Errenteria eta Pasaiako sindikatu egoitzak itxi zituen guardia zibilak. Antxon erabatekoa izan zen greba: kaiak berritzen ari ziren langileek Lan Poltsan izena emanda zeuden langabetuak kontratatzea eskatu zuten.

maiatzak 11

– Grebara deitu zuten berriz Pasaiako zamaketariek. Ez daude grebaren alde ez ELA eta ez UGT. Hala ere, goizeko hamar t’erdietarako dena itxia zegoen Antxon. Campsak bakarrik egin zuen lana. Epe gabeko lanuztea iragarri zuten langileek, negoziaketek aurrera egiten ez bazuten. Polizia gau eta egun ibili zen herrian.

ekainak 16

– Besteetan baino urpetuago azaldu zen Antxo.

1934

apirilak 21

– Greba orokorra apirilean, erabatekoa Pasaian. Mediku zaintza doakoa eta argia eta ura ordaindu behar ez izatea eskatzen zuten langileek.

urriak 5

– Asturiasen boterea hartuko zuen greba orokor iraultzailea hasi zen: 6 langile tiroka hilik Trintxerpen eta San Pedron.

udazkena

– Uholdeak kalte handiak egin zituen. Zumardian, urak 1’70 m.ko altuera hartu zuen

1935

– Osagarri elektronikoak egiten zituen Bianchi lantegia ezarri zen Antxon.
– Ford etxeko langileek zeramaten borrokari laguntzeko greba kaian.

ekainak 1

– Pasaiako portuaren ezaugarri izango ziren hiru eraikin mustu ziren: Juntako bulegoena, euskal estilokoa; aduanarena, berpizte aroko estilokoa; kontsignatarioen bulegoena, modernista. Eraikin hauek, 1941ean musu ziren sorospen etxearekin (modernista) eta Komandantziarekin batera (euskal estilokoa), tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka erakutsi zuten eraikuntza ofizialetan.

uztaila

– Batzar sindikal handia Cine Moderno-n, greban dauden arrantzaleen egoera larria aztertzeko.

azaroak 18

– Istilua Batzokian, zalapartak eta labankadak.

azaroak 25

– Kaiei itxura berria eta zamaketari berebiziko azkartasuna emango zieten Babcock Wilcox etxeko 10 garabi elektrikoak heldu ziren Bilbotik. Garabiak ibili behar zuten karrilak oraindik amaitu gabeak zeudenez, Herrerako kaian eduki behar izan zituzten.

1936

urtarrilak 12

– Batzar berezia egin zen Cine Moderno aretoan: Pasaia eta Altzako Circulo Mercantil e Industrial sortu zuten merkatariek.

martxoa

– Jose Manuel Linazasoro, Txulofronton, Gipuzkoako batzokiek antolatutako txapelketa irabazi zuen eskuz binakakoan, Jose Orbegozo altzatarra atzelari zeukala, jokatu zituzten hogeita bi partidetatik hogeita bat irabaziz. Finala Errenteriako batzokian jokatu zen.

maiatzak 1

– Errekisa egin zuten Buenavistako Banco de San Sebastian-en. Trajez jantzitako sei gizonezkok, pistolak eskuan, 75.900 pezeta eraman zituzten, kopuru ederra garai hartan. Errekisatu egin duten taxi batean egin zuen ihes Donostia aldera. Susmoen arabera, “gaizkile sozietarioak” ziren, alegia, anarkistak.

uztaila

– Obus fakziosoek Antxo jo zuten uztailean. Batzuek ez dute leher egiten, eta antxotarrek argazkiak ateratzen dituzte haien ondoan. Fakziosoak egun gutxiren buruan zapalduko zituztela uste zuten denek.

iraila

– Jose Manuel Linazasorok eta Jose Orbegozok erresistentzia ekintza xume bat egin zuten, Gipuzkoako txapeldunen kopa ezkutatuz: euskarazko hitzak zeuzkak landuak. Baina, zer gerta ere, itsatsia zeukan metalezko ikurrina txikia kendu zioten…

1940

martxoak 1

Colegio del Amor Misericordioso izeneko ikastetxea mustu zen Iparragirre kaleko 4. zenbakiko etxean (Zumardiaren izkinan), lehen eta bigarren solairuak hartzen zituela (kale honek Eskalantegi izena dauka gaur egun). Moja dominikek kudeatzen zuten eskola (Dominicas de la Anunciata), eta 221 neska matrikulatu zituzten aurreneko ikasturtean.

1941

urtarrila

– C. D. Pasajes kirol elkartea sortu zen. Futbola, pilota eta atletismoa landu zituen hasiera batean. Miguel Maiza izan zuen aurreneko lehendakaria.

1943

maiatzak 5

– Gaur egun enpresa handi haren lekuko bakarra dugun Luzuriagaren Bulegoak izango ziren eraikinaren planoak aurkeztu zituen Ricardo Olaran arkitekto eta ingenariak. Arrasaten jaioa, harreman estua eduki zuen Jose Mª Arizmendiarrietarekin kooperatibismoaren sorreran, gaur eraitsiak dauden lantegi asko egin zituen, eta Carlos Santameria, Luis Michelena eta Manuel Agud Querol-ekin batera Gipuzkoak unibertsitate publikoa eduki zezan siatu zen 60ko hamarkadan. Antxoko eraikin hau dugu zabarkeriaz baztertua eta ahaztua dagoen arkitekto garrantzitsu hone obratik iraun duten apurrenetakoa. Gorde eta berritu beharreko ondarea dugu batere zalantzarik gabe, daukan interes estetikoagatik, garai bat islatuz, dakarren langile oroimenagatik eta zerbitzugune bezala eskaintzen duen aukerengatik.

maiatzak 22

– Santos Uranga, Xantus Pitus txistularia hil zen, udaleko langile saiatu eta… frankistek zigortua.

ekaina

– Los Tres Pasajes aldizkaria abiatu zen, Pasajes zaharraren jarraipena zazpi urteko isilaldiaren ondoren. Ez dago aniztasun politikorik, gai sozialak ez dira aipatzen, eta franko-katolikotarren balioak goresten dira.

– Jaizkibeldik ekarritako ur horniketa berria antolatu zen Antxorako eta San Pedrorako, itsaspetik zetorren hodi zaharra kenduta. Askotan hondatzen zen, baforeek kaltetuta.

1945

– Eliza eraitsi eta berri bat egin nahi izan zuten Antxoko etxegile eta aferista ezagun batzuek.

1947

abenduak 24

– Luis Romerok antolatuta, hamabost gaztek Olentzero ibili zuten karriketan. Lehen aldia zen, 1936 ezkeroztik, euskaraz kantatzen zela kalean.

1948

azaroa

– Galeperra elkartea sortu zen, ehiza eta arrantza sustatu eta… gogor arautzeko.

1949

ekaina

– Luis Romerok sortu eta zuzenduriko Coral Pasaitarra abesbatza hasi zen kantaldiak ematen.

1959

maiatzak 4

– Don Frantzisko Etxenike hil zen, Antxoko lehen parrokoa.

uztaila

– Lagun talde batek Peña Goyerri sortu zuen, sanferminetako gauak alaitzeko. Ideiak arrakasta izan zuen, eta peña gehiago sortu ziren gerora.

irailak 20

– Don Pedro Jimenok hartu zuen Antxoko elizaren zuzendaritza, parroko gisa.

1960

otsailak 13

– Victorio Luzuriaga hil zen, eta bere seme Franciscok hartu zuen lantegiaren zuzendaritza.

apirilak 12

– Beissier lantegiak eraikin berria mustu zuen.