IJITUAK ETORRI DIRA

Pasaia Gaur nº 4, 1977

Gaiztoa baldin ba zara, ijituak eramango zaitute!
Zenbat aldiz ez dugu holakorik aditu txikitandik… Bainan, nortzuk dira? Noiz etorri ziran gure herrira, Euskal Herrira?
XVllgarren mende arte, ez dugu Gipuzkoan, jende hauen berririk. Historialariek diotenez, arraza honen jatorria Indostanen jar dezakegu. Talde batzu, Egipton egon ondoren, Europa aldera etorri ziran. XVgarren mendean, espainiar estatuan sartu ziran Andaluziatik zehar.

Ijituek, mundu osoan izan duten eta duten bizi modua, latza da benetan. Zihur badirala beren artean, pertsona onak ez diranak, herri guztietan eta arraza denetan badiran bezela, bainan honek ez du zuzenesten sofritu eta sofritzen duten jazarpena. Gure herrialdean ere, jazarpen hau, benetan gogorra izan da. 1604garrengo maiatzean, Tolosan izan ziran Biltzar Orokorrek honela zioten: Ijituak Gipuzkoatik at bota egin behar zirela, lapurketan, eta gainera, hauetako ijitu bat harrapatzen zuenari, sari bat emango zitzaiola; gizonezkoa baldin bazan harrapatua, 200 erralekoa; emakumezkoa baldin bazan, 50 errealekoak (dirudienez, ijituen artean ere, emakumezkoei laurden baten balioa ematen zitzaiela … ). Beste aldetik, harrapatzerakoan, erresistentzirik egiten bazuten, zilegizkoa zala bertan hiltzea.

Horrelakoak, berriz ere esan ziran, 1617an Zestuko Biltzarretan eta 1660an Arrasatekoetan, beste arrazoien artean, «odolaren garbitasuna gorde beharra» agertuaz.

1851garrenean Motrikon eta 1855garrenean Hernanin, bizimodu garbi bat izanez gero, eta etxe batean finkatuta bizi baziran, gure herrian geldi litezkela erabaki zuten.

Argazkian ikus dezakegunez, hemen, Pasaian, «finkatu» dira. Ez nuke esango «etxe batean», zeren hor agertzen zaigun txabola horreri ez baitiot etxe itxura arkitzen… «Bizi modu garbi bat» ez dut uste oso eginkor izango dutenik lortzea. Lan gabezia denontzat arazo larri bat baldin bada, ijituek, lan bat aurkitzeko duten zailtasuna, neurrigabekoa da. Gure gizarte honek, beste arraza batekoak diranez, ez ditu onhartzen. Lapurketan ibiltzen direla? Gose dagonak, zer edo zer egin behar du sabela betetzeko eta umeei ogia emateko. Gainera, zer da ijitu hauek lapurtzen dutena, burjes aberats, «zuri», txukun eta «errespetagarri» horiek, etengabeki herriari lapurtzen digutenaren ondoan?

Ijitu hauek, PERTSONAK diranez, etxe eta lan postu bat izateko, umeak behar bezela hazitzeko eta bizimodu egoki bat eramateko duten eskubide osoa, behingoz onhartu beharko genuke denok eta arraza desberdintasunen ondorio bezela munduan dagoen bereizkeria gainditu ere bai.